Eginak

Kapituluak 25

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Paulok enperadoreagana jo

1Festo, bere probintziako kargua hartzera etorri eta handik hiru egunera, Zesareatik Jerusalemera igo zen. 2Berehala aurkeztu zitzaizkion apaizburuak eta judu handikiak, Paulo salatzera. 3Mesede bat eskatu zioten arrenka: Paulo Jerusalemera ekar zezala, bidean zelata jartzea pentsatua baitzuten hura garbitzeko. 4Baina Festok erantzun zien Paulok Zesarean egon behar zuela preso eta bera ere laster zihoala hara. 5«Beraz —esan zien—, zuen artean aginterik dutenak betoz nirekin Zesareara eta, gizon honek errurik badu, sala bezate». 6Festok ez zuen Jerusalemen zortzi/hamarren bat egun besterik egin, eta gero Zesareara jaitsi zen. Hurrengo egunean, auzi-mahaian eseri eta Paulo ekartzeko agindu zuen. 7Paulo azaldu zenean, Jerusalemdik jaitsitako juduek erdian hartu zuten, frogatu ezineko salaketa asko eta handiak eginez. 8Paulok honela zioen bere buruaren alde:—Ez naiz errudun, ez juduen legearen kontra, ez tenpluaren kontra, ezta enperadorearen kontra ere. 9Festok, juduei atsegin ematearren, galdetu zion Paulori:—Nahi al duzu Jerusalemera joan, zure arazoa han epai dezadan? 10Paulok erantzun zion:—Enperadorearen auzi-mahai aurrean nago; hementxe behar dut izan epaitua. Nik ez diet juduei batere kalterik egin, zeuk ere ongi dakizun bezala. 11Benetan errudun baldin banaiz eta heriotza merezi duen zerbait egin badut, ez diot heriotzari uko egingo. Baina nire kontra egiten dituzten salakuntzek funtsik ez badute, ez du inork eskubiderik ni horien eskuetara emateko. Enperadoreagana jotzen dut! 12Festok, kontseilukoekin hitz egin ondoren, erantzun zion:—Enperadoreagana jo duzu, enperadoreagana joango zara.

Paulo, Agriparen eta Berenizeren aurrean

13Handik zenbait egunen buruan, Agripa erregea eta Berenize iritsi ziren Zesareara, Festo agurtzera. 14Eta egun asko egin baitzituzten han, Festok Pauloren arazoaren berri eman zion erregeari, esanez: «Badut hemen Felixek preso utzi zuen gizon bat. 15Jerusalemera joan nintzenean, juduen apaizburu eta zaharrak beraren aurka auzia jartzera etorri zitzaizkidan, kondenatzeko eskatuz. 16Nik erantzun nien, erromatarren artean ez dela ohitura inor errudun jotzea, lehenbizi bere salatzaileekin aurrez aurre hizketatu gabe, eta leporatzen zaionari buruz defendatzeko aukera eman gabe. 17Beraz, nirekin Zesareara etorri ziren haiek eta, hurrengo egunean, batere luzapenik gabe, auzi-mahaian eseri nintzen eta gizon hori ekartzeko agindu nuen. 18Baina salatzaileak aurkeztu zirenean, ez zioten nik uste nuen okerrik batere leporatu. 19Beren erlijioari buruzko gorabeherak baino ez zituzten, eta hila den eta Paulok bizi dela dioen Jesus izeneko bati buruzkoak bereziki. 20Nik ez bainekien auzi hura nondik nora eraman, Jerusalemera joan nahi al zuen galdetu nion, han epai zezaten. 21Baina Paulok gora jo zuen, auzia enperadore jaunak erabaki zezala eskatuz; beraz, kartzelan zain zezatela agindu nuen, enperadoreagana bidali arte». 22Agripak esan zion Festori:—Neuk ere gustura entzungo nioke gizon horri.—Bihar entzungo diozu —erantzun zion Festok. 23Biharamunean, beraz, Agripa eta Berenize etorri ziren ospe handiz eta entzutegian sartu ziren, gudalburuak eta hiriko handikiak berekin zituztela. Paulo ekartzeko agindu 24eta honela mintzatu zen Festo: «Agripa errege eta gurekin zaudeten gainerako jaunok, hona hemen gizona. Judu guztiak, bai Jerusalemen eta bai hemen, bizia zor duela oihukatuz etorri zaizkit. 25Garbi ikusi dut, hala ere, ez duela heriotza merezi duenik ezer egin; baina enperadore jaunarengana jo duenez gero, harengana bidaltzea erabaki dut. 26Ez dut, ordea, enperadore jaunari honetaz idazteko ezer garbirik. Horregatik ekarri dut zuen aurrera eta, batez ere, zure aurrera, Agripa erregea, hemengo galdeketaren ondoren zer idatzirik izan dezadan. 27Izan ere, zentzugabe iruditzen zait preso bat bidaltzea, leporatzen zaizkion erruak azaldu gabe».