Eginak 13 EABD

Lehenengo ibilaldia (13,1—14,28)

Bernabe eta Paulo misiolari bidaliak

1 Antiokiako eliz elkartean bazen zenbait profeta eta irakasle, hala nola, Bernabe, Simeon —izengoitiz Beltza—, Luzio Zirenearra, Manaen —umetan Herodes erregearekin batera hazia— eta Saulo.

2 Behin, barau-egunez, Jaunaren kultu-ospakizun batean zeudela, Espiritu Santuak honela esan zien: «Bereizi niretzat Bernabe eta Saulo, nik dei egin diedan egitekorako».

3 Orduan, barau eta otoitz egin ondoren, haiei eskuak buruan ezarri eta bidali egin zituzten.

Zipren: Sergio Paulo kontsulordea eta Elimas aztia

4 Beraz, Bernabe eta Saulo, Espiritu Santuak bidalirik, Seleuziara jaitsi ziren, eta handik Ziprera jo zuten itsasoz.

5 Salaminara heldurik, juduen sinagogetan Jainkoaren mezua hots egiten hasi ziren; Joan ere berekin zuten laguntzaile.

6 Uharte guztia zeharkatu zuten Pafoseraino, eta lanbidez aztia zen sasiprofeta judu bat aurkitu zuten han, Barjesus zeritzana.

7 Uhartean gobernatzen zuen Sergio Paulo kontsulordearen ingurukoa zen. Kontsulordea zentzuzko gizona zen, eta Bernaberi eta Saulori deitu zien, Jainkoaren mezua entzun nahirik.

8 Baina Elimas, Aztia —horixe esan nahi baitu izenak—, aurka atera zitzaien, kontsulordea sinesmenetik aldentzeko.

9 Orduan, Saulok, Paulo ere deituak, Espiritu Santuak eraginik, aztiari begira-begira

10 esan zion: «Hi, iruzurti eta gezurrontzi, deabrukume eta zuzenbide ororen etsai hori, ez ote haiz Jaunaren bide zuzenak okertzen aspertuko?

11 Hor duk, bada, gainean Jaunaren zigorra: itsu geldituko haiz eta ez duk aldi batean eguzkiaren argirik ikusiko».Eta bertan, ilunperik beltzenean gelditu zen Elimas, eta itsumustuka zebilen, eskutik nork eramango.

12 Gertatua ikusirik, kontsulordeak sinetsi egin zuen, Jaunari buruzko doktrinaz ere biziki harriturik baitzegoen.

Pisidiako Antiokian: Pauloren hitzaldia

13 Paulo eta beronen lagunak Pafostik itsasoz atera eta Panfiliako Pergera iritsi ziren. Han Joanek alde egin zien, eta Jerusalemera itzuli zen.

14 Besteak, berriz, Pergetik Pisidiako Antiokiaraino joan ziren. Eta larunbatez sinagogan sartu ziren eta eseri.

15 Legearen eta profeten irakurgaiak egin ondoren, sinagogako buruzagiek ohar hau bidali zieten: «Anaiok, herriari adore emateko zerbait esateko baldin baduzue, mintza zaitezte».

16 Jaiki zen Paulo eta, eskuaz isiltzeko keinu eginik, honela mintzatu zen: «Israeldarrok eta Israelen Jainkoa gurtzen duzuen guztiok, entzun.

17 Israel herriaren Jainkoak gure arbasoak aukeratu zituen, Egiptoko atzerrian bizi zirela herri handi bihurtu eta, ondoren, ahalmen handiz atera zituen handik.

18 Berrogeiren bat urtez eroapenez gidatu zituen basamortuan zehar

19 eta, Kanaan lurraldean zazpi nazio suntsitu ondoren, berauen lurra eman zien ondare.

20 Horretan guztian laurehun eta berrogeita hamarren bat urte igaro ziren. Ondoren, buruzagiak eman zizkien, Samuel profetaren garaia arte.

21 Orduan, erregea eskatu zuten, eta Jainkoak Saul eman zien, Kixen semea, Benjaminen leinukoa; berrogei urtez izan zen errege.

22 Gero, Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: “David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek”.

23 Hitzemana zuenez, honen ondorengotik sortu zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus alegia.

24 Hau etorri aurretik, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egin zion Joan Bataiatzaileak Israel herri osoari.

25 Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: “Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere”.

26 «Senideok, Abrahamen odoleko zaretenok eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen duzuenok, guri bidali zaigu salbamen-mezu hau.

27 Jerusalemdarrek eta beraien agintariek ez zuten Jesus aintzat hartu eta, berau kondenatuz, larunbatero sinagogan irakurtzen dituzten profeziak bete zituzten.

28 Heriotza merezi zuenik ezer aurkitu ez zioten arren, hil zezala eskatu zioten Pilatori.

29 Eta Liburu Santuak hartaz zioen guztia bete zutenean, egurretik eraitsi eta hilobian ezarri zuten.

30 Baina Jainkoak piztu egin zuen hildakoen artetik.

31 Egun askotan zehar agertu zitzaien Galileatik Jerusalemera berarekin igo zirenei, eta horiek ditu orain bere testigu herriaren aurrean.

32 «Guk ere berri on hau iragartzen dizuegu: gure arbasoei egindako agintzaria,

33 guretzat, haien ondorengoontzat, bete duela Jainkoak, Jesus hildakoen artetik piztuz. Hala dago idatzia bigarren Salmoan: «Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu.

34 «Eta heriotzara gehiago ez itzultzeko piztu duela hildakoen artetik, honela zuen esana Jainkoak: Davidieginiko agintzari santu eta fidagarriak beteko dizkizuet.

35 «Horregatik, beste toki batean ere honela dio: Zeure fededunaez duzu hilobian galtzen utziko.

36 «Baina David, bere aldian Jainkoak emandako egitekoa zintzoki bete ondoren, hil egin zen eta bere arbasoekin bildu; usteldu egin zen, bada, haren gorputza.

37 Jainkoak piztu duena, aldiz, ez da usteldu.

38 «Jakizue, beraz, senideok, Jesusi esker hots egiten zaizuela bekatuen barkamena; Moisesen legeaz lorrezina izan duzuen Jainkoarekiko adiskidetasuna

39 hari esker aurkitzen du sinesten duen orok.

40 Begira ongi, bada, profetak esandako hau gerta ez dakizuen:

41 «Ikusazue , harro sinesgogorrok, harri zaitezte eta desagertu betiko! Egintza harrigarri bat egingo baitut zuen egunotan, inork kontatuko balizue sinetsiko ez zenuketena».

42 Sinagogatik ateratzean, hurrengo larunbatean ere gai beraz hitz egiteko erregutu zien jendeak.

43 Batzarra banatu zenean, judu eta juduberri jainkozale asko Paulo eta Bernaberekin joan ziren; hauek Jainkoaren dohainari atxikirik irauteko adore ematen zieten beren hitzez.

44 Hurrengo larunbatean, ia hiritar guztiak bildu ziren Jaunaren mezua entzutera.

45 Jendetza hura ikusirik, juduak bekaizkeriaz bete ziren, eta irainez egiten zieten kontra Pauloren hitzei.

46 Orduan, Paulok eta Bernabek ausarki esan zuten: «Zuei adierazi behar genizuen lehenengo Jainkoaren mezua! Baina mezua baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gai ikusten ez dituzuenez gero, jentilengana joko dugu.

47 Honela esan baitigu Jaunak: «Nazioen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eraman dezazun».

48 Hori entzunik, biziki poztu ziren jentilak eta Jaunaren mezua goraipatzen zuten. Eta betiko bizirako zirenek sinetsi egin zuten.

49 Jaunaren mezua zabalduz zihoan eskualde hartan guztian.

50 Baina juduek andere handiki jainkozaleak eta hiriko jauntxoak berotu zituzten, eta Pauloren eta Bernaberen aurka erasoaldi bat sortu eta beren lurraldetik kanpora bota zituzten.

51 Pauloren eta Bernabe, beren oinetako hautsa protesta gisa haien aurka astindurik, Ikoniora joan ziren.

52 Ikasleak, berriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28