Eginak
Kapituluak 14
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Paulo eta Bernabe Ikonion
1Ikonion ere, Paulo eta Bernabe juduen sinagogan sartu ziren eta, hain ongi hitz egin zutenez, judu eta greziar askok sinetsi zuen.
2Baina sinetsi ez zuten juduek jentilak zirikatu zituzten eta senideen aurka gogo-gaiztotu.
3Hala eta guztiz ere, Paulo eta Bernabe luzaroan egon ziren bertan, Jaunari buruz ausarki hitz eginez; eta Jaunak, mirariak eta egintza harrigarriak egiteko dohaina haiei emanez, bere onginahiari buruzko mezua baiesten zuen.
4Hiriko jendea bi aldetara jarri zen, batzuk juduen alde eta besteak apostoluen alde.
5Halako batean, ordea, jentilek eta juduek, agintariekin batera, gogorrera jo eta apostoluak harrika hiltzea erabaki zuten;
6baina Paulok eta Bernabek, horretaz jabeturik, Likaoniako Listra eta Derbe herrixka eta inguruetara ihes egin zuten,
7eta han ere berri ona zabaltzen jardun zuten.
Paulo eta Bernabe Listran
8Bazen Listran oinak elbarri zituen gizon bat; sekula oinez ibili gabea zen, jaiotzatik baitzegoen elbarri.
9Paulori entzuten zegoen batean, Paulo begira-begira jarri zitzaion eta, sendatzeko adinako fedea bazuela ikusirik,
10oihu handiz esan zion: «Jarri tente oinen gainean!»Salto batean zutitu eta ibiltzen hasi zen.
11Paulok egina ikustean, oihuka hasi zen jendea Likaoniako hizkuntzan: «Jainkoak jaitsi zaizkigu geure artera giza itxuran!»
12Bernaberi Zeus deitzen zioten eta Paulori Hermes, hau baitzen hitz egiten zuena.
13Hiriko sarreran zegoen Zeusen tenpluko apaizak zezenak ekarrarazi zituen, lore-sortaz apaindurik, hiriko ateetara, eta jendearekin batean oparitzat hil nahi zituen apostoluen omenez.
14Ohartu zirenean, Bernabe eta Paulo apostoluak beren soingainekoak urratu eta jendartera oldartu ziren, deiadarka:
15«Zer ari zarete? Gu ere gizakiak gara zuek bezalaxe, eta berri on hau adierazten dizuegu, hain zuzen: utz ditzazuela idolo hutsalak eta bihur zaiteztela Jainko biziarengana, zeru-lurrak eta itsasoa eta horietan dagoen guztia egin zituenagana.
16Joandako gizaldietan Jainkoak herri bakoitzari bere bidetik joaten utzi dio,
17baina ez bere burua ezagutzera eman gabe, egin dituen mesedeen bidez: euria eta urtaro aberatsak bidali dizkizue zerutik, eta janariz ase eta pozez bete zaituzte».
18Hitz hauekin, nekez bada ere, kendu zioten jendeari oparia eskaintzeko asmoa.
19Orduan, Antiokiatik eta Ikoniotik judu batzuk etorri ziren eta, jendea beren iritzira bildurik, Paulori harrika eman zioten, eta hiritik kanpora atera zuten arrastaka, hilda zegoelakoan.
20Baina, ikasleak ondora bildu zitzaizkionean, Paulo jaiki eta berriro hirian sartu zen. Biharamunean, Derberantz atera zen Bernaberekin.
Siriako Antiokiara itzuli
21Hiri hartan berri ona zabaldu eta ikasle asko egin ondoren, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara itzuli ziren.
22Ikasleen gogoak bizkortzen zituzten bidenabar, fedean sendo irauteko adore emanez. «Larrialdi asko eraman behar dugu —esaten zieten— Jainkoaren erreinuan sartzeko».
23Eliz elkarte bakoitzean arduradunak izendatu zituzten eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunari gomendatu zizkioten, harengan sinetsi baitzuten.
24Ondoren, Pisidian barrena, Panfiliara iritsi ziren.
25Eta, Pergen mezua predikatu ondoren, Ataliara jaitsi ziren.
26Han ontzia hartu zuten Antiokiarako, handik izan baitziren bidaliak burutu berria zuten egitekorako, Jainkoaren onginahiari gomendatuak izan ondoren.
27Antiokiara iritsi zirenean, eliz elkartea bildu zuten eta Jainkoak beraien bidez egindako guztia azaldu zieten, baita jentilei federako atea nola ireki zien ere.
28Paulo eta Bernabe bertan gelditu ziren denboraldi batean ikasleekin.