1 Antiokiako eliz elkartean bazen zenbait profeta eta irakasle, hala nola, Bernabe, Simeon —izengoitiz Beltza—, Luzio Zirenearra, Manaen —umetan Herodes erregearekin batera hazia— eta Saulo.
2 Behin, barau-egunez, Jaunaren kultu-ospakizun batean zeudela, Espiritu Santuak honela esan zien: «Bereizi niretzat Bernabe eta Saulo, nik dei egin diedan egitekorako».
3 Orduan, barau eta otoitz egin ondoren, haiei eskuak buruan ezarri eta bidali egin zituzten.
4 Beraz, Bernabe eta Saulo, Espiritu Santuak bidalirik, Seleuziara jaitsi ziren, eta handik Ziprera jo zuten itsasoz.
5 Salaminara heldurik, juduen sinagogetan Jainkoaren mezua hots egiten hasi ziren; Joan ere berekin zuten laguntzaile.
6 Uharte guztia zeharkatu zuten Pafoseraino, eta lanbidez aztia zen sasiprofeta judu bat aurkitu zuten han, Barjesus zeritzana.
7 Uhartean gobernatzen zuen Sergio Paulo kontsulordearen ingurukoa zen. Kontsulordea zentzuzko gizona zen, eta Bernaberi eta Saulori deitu zien, Jainkoaren mezua entzun nahirik.