6 Uharte guztia zeharkatu zuten Pafoseraino, eta lanbidez aztia zen sasiprofeta judu bat aurkitu zuten han, Barjesus zeritzana.
7 Uhartean gobernatzen zuen Sergio Paulo kontsulordearen ingurukoa zen. Kontsulordea zentzuzko gizona zen, eta Bernaberi eta Saulori deitu zien, Jainkoaren mezua entzun nahirik.
8 Baina Elimas, Aztia —horixe esan nahi baitu izenak—, aurka atera zitzaien, kontsulordea sinesmenetik aldentzeko.
9 Orduan, Saulok, Paulo ere deituak, Espiritu Santuak eraginik, aztiari begira-begira
10 esan zion: «Hi, iruzurti eta gezurrontzi, deabrukume eta zuzenbide ororen etsai hori, ez ote haiz Jaunaren bide zuzenak okertzen aspertuko?
11 Hor duk, bada, gainean Jaunaren zigorra: itsu geldituko haiz eta ez duk aldi batean eguzkiaren argirik ikusiko».Eta bertan, ilunperik beltzenean gelditu zen Elimas, eta itsumustuka zebilen, eskutik nork eramango.
12 Gertatua ikusirik, kontsulordeak sinetsi egin zuen, Jaunari buruzko doktrinaz ere biziki harriturik baitzegoen.