8 Baina Elimas, Aztia —horixe esan nahi baitu izenak—, aurka atera zitzaien, kontsulordea sinesmenetik aldentzeko.
9 Orduan, Saulok, Paulo ere deituak, Espiritu Santuak eraginik, aztiari begira-begira
10 esan zion: «Hi, iruzurti eta gezurrontzi, deabrukume eta zuzenbide ororen etsai hori, ez ote haiz Jaunaren bide zuzenak okertzen aspertuko?
11 Hor duk, bada, gainean Jaunaren zigorra: itsu geldituko haiz eta ez duk aldi batean eguzkiaren argirik ikusiko».Eta bertan, ilunperik beltzenean gelditu zen Elimas, eta itsumustuka zebilen, eskutik nork eramango.
12 Gertatua ikusirik, kontsulordeak sinetsi egin zuen, Jaunari buruzko doktrinaz ere biziki harriturik baitzegoen.
13 Paulo eta beronen lagunak Pafostik itsasoz atera eta Panfiliako Pergera iritsi ziren. Han Joanek alde egin zien, eta Jerusalemera itzuli zen.
14 Besteak, berriz, Pergetik Pisidiako Antiokiaraino joan ziren. Eta larunbatez sinagogan sartu ziren eta eseri.