10 Paulok ikuskari hau izan eta berehala, Mazedoniarantz ateratzeko prestatu ginen, ziur baikeunden Jainkoak deitzen zigula haiei berri ona ematera.
11 Troaden ontzia hartu eta Samotraziara joan ginen zuzenean. Biharamunean Neapolisera iritsi ginen,
12 eta handik Filipora; Filipo Mazedonia eskualdeko hiri nagusietako bat da, erromatar kolonia. Hiri honetan eman genituen egun batzuk.
13 Larunbatean, hiritik kanpora atera eta ibai ondora joan ginen, han juduen otoizleku bat zegoela uste baikenuen. Bertan eseri eta bilduak ziren emakumeei hitz egiten hasi ginen.
14 Bazen entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa, purpurazko oihalen saleroslea; Israelen Jainkoa gurtzen zuen. Jaunak barrutik eragin zion, Pauloren hitzak gogoz onar zitzan.
15 Eta, bera eta beraren familia guztia bataiatu zirelarik, erregu hau egin zigun: «Jaunarengan egiaz sinesten dudala irizten badiozue, hartzazue ostatu, arren, nire etxean». Eta bere eskaintza onartzera behartu gintuen.
16 Otoizlekura gindoazen batean, neskatxa bat atera zitzaigun bidera: geroa igartzeko ahalmena ematen zion espiritu batek hartua zen, eta bere igarpenen bidez irabazi ederra ematen zien nagusiei.