1 Anfipolisen eta Apolonian barrena, Paulo eta Silas Tesalonikara iritsi ziren; han juduek sinagoga zuten.
2 Paulok, ohi zuenez, haiengana joan eta hiru larunbatez jardun zuen beraiekin eztabaidan. Liburu Santuak oinarri harturik,
3 Mesiasek sufritu eta hildakoen artetik piztu egin behar zuela azaltzen eta frogatzen zien. Eta esaten zien: «Nik hots egiten dizuedan Jesus hauxe da Mesias».
4 Judu batzuek sinetsi egin zuten eta Paulo eta Silasekin elkartu ziren; Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentil askok eta emakume handikietako mordoxka batek ere gauza bera egin zuen.
5 Baina juduek, ikusezinez, alfer-gaizto batzuk bildu zituzten eta, jendartean iskanbilak sorraraziz, herria nahastu zuten. Gero, Jasonen etxera oldartu ziren, Pauloren eta Silasen bila, herriko batzarraren aurrera eramateko asmotan.
6 Aurkitu ez zituztelarik, Jason eta beste zenbait senide hiriko agintarien aurrera eraman zituzten arrastaka, eta oihuka zioten: «Mundu guztia nahastu duten horiek bertaraino iritsi zaizkigu,
7 eta Jasonek etxean hartu ditu. Hauek guztiok enperadorearen aginduen aurka ari dira, badela beste errege bat esanez, Jesus alegia».