23 Jainkoak zuen eskuetara eman zuen, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabakiaren arabera, eta zuek gurutzean josi eta hil egin zenuten sinesgabeen eskuz.
24 Baina Jainkoak piztu egin zuen, Herioaren lokarrietatik askatuz, Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki.
25 Izan ere, honela dio Davidek hartaz: «Begi aurrean dut Jauna etengabe; bera ondoan dudala, ez naiteke koloka.
26 Horregatik, alai daukat bihotza, pozez kantari mihia, itxaropenean lasai gorputza.
27 Ez bainauzu Herio Leizera botako, zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko.
28 Bizirako bidea erakutsiko didazu: zeure aurrean alaitasunez beteko.
29 «Senideok, uztazue argi eta garbi esaten David gure arbasoa hil egin zela eta lur eman ziotela, eta hor dugu gaur ere haren hilobia.