10 Sesioa gogortzen ari zen, eta gudalburuak, Paulo txikituko zuten beldurrez, gudari-taldeari jaisteko agindu zion, handik atera eta kuartelera eraman zezaten.
11 Hurrengo gauean, Jauna agertu zitzaion Paulori eta esan zion: «Izan bihotz! Jerusalemen nire testigu izan zaren bezala, halaxe behar duzu izan Erroman ere».
12 Eguna zabaltzean, zenbait juduk elkar hartu zuten eta zin egin, ez zutela ez jango eta ez edango Paulori bizia kendu arte.
13 Berrogeitik gora ziren horrela hitzartuak.
14 Apaizburu eta zaharrengana joan ziren, bada, eta esan zieten: «Zin eginez hitzeman dugu ez dugula deus hartuko, Paulo hiltzen ez dugun bitartean.
15 Orain, bada, zuek, biltzarrarekin elkar harturik, eskaiozue gudalburuari Paulo bihar zuengana ekartzeko, haren arazoa xehekiago aztertu nahiko bazenute bezala. Eta gu gertu egongo gara, hura bidean garbitzeko».
16 Baina Pauloren ilobak, arrebaren semeak, azpikeria horren berri jakin zuen eta kuartelera joan zen, Paulori jakinaraztera.