10 Eta hala egin nuen Jerusalemen: apaizburuengandik harturiko baimenaz, fededun asko sartu nuen kartzelan eta ontzat eman ohi nuen haien hilketa.
11 Etengabe sinagogaz sinagoga ibiliz, gogor zigortzen nituen, beren fedea ukarazteko. Eta, amorruaren amorruz, atzerriko hirietan ere pertsegitu ohi nituen.
12 «Hala, banindoan behin Damaskora, apaizburuen baimenez eta mandatuz.
13 Eta bidean, errege jauna, eguerdi aldera, eguzkia baino distiratsuago zen zerutiko argi bat ikusi nuen, eta bere distiraz inguratu gintuen ni eta neure bidelagunak.
14 Denok lurrera erori ginen, eta mintzo bat entzun nuen niri hebreeraz esaten: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu? Zeuretzat okerrago eztenari ostikoka egiten badiozu!”
15 “Nor zaitut, Jauna?” galdetu nion nik. Eta Jaunak erantzun: “Jesus naiz, zuk pertsegitzen duzuna.
16 Baina altxa zaitez eta jarri tente! Honetarako agertu natzaizu: orain ikusi duzunaren eta aurrera agertuko dizudanaren zerbitzari eta lekuko bihurtzeko.