8 Poz handia izan zen hiri hartan.
9 Bazen hirian Simon zeritzan gizon bat, aspalditik aztikeriara emana; Samariako jende guztia txunditurik zeukan, norbait apartekotzat agertzen baitzuen bere burua.
10 Denak, handi eta txiki, hari lotuak zeuden, hau ziotelarik: «Jainkoaren ahalmena dugu gizon hau, “Ahalmen Handi” deritzana».
11 Hari lotuak zeuden, bada, bere aztikeriaz txunditurik baitzeuzkan aspaldidanik.
12 Baina Felipek Jainkoaren erregetza eta Jesu Kristoren berri ona hots egitean, sinetsi egin zioten eta bataioa hartu denek, gizon eta emakume.
13 Simonek berak ere sinetsi egin zuen eta bataioa hartu, eta ez zen Feliperen ondotik aldentzen. Gertatzen ziren mirariak eta egintza ahaltsuak ikusirik, erabat txunditurik zegoen.
14 Jerusalemen zeuden apostoluek, Samariak Jainkoaren hitza onartu zuela jakitean, Pedro eta Joan bidali zituzten hara.