Zenbakiak 13 EABD

Moisesek Kanaan lurraldea ikertzera bidali

1 Jaunak esan zion Moisesi:

2 «Bidal itzazu gizaseme batzuk israeldarrei ematen diedan Kanaan lurraldea ikertzera. Bidali leinu bakoitzetik gizaseme bana, israeldarren arduradunen artetik aukeraturik».

3 Jaunak agindu bezala, bidali zituen Moisesek Paran basamortutik. Guztiak israeldarren buruzagietakoak ziren.

4 Hona bidalien izenak: Zakurren seme Xamua, Rubenen leinukoa;

5 Horiren seme Xafat, Simeonen leinukoa;

6 Jefuneren seme Kaleb, Judaren leinukoa;

7 Joseren seme Igal, Isakarren leinukoa;

8 Nunen seme Oseas, Efraimen leinukoa;

9 Rafuren seme Palti, Benjaminen leinukoa;

10 Sodiren seme Gadiel, Zabulonen leinukoa;

11 Susiren seme Gadi, Joseren seme Manasesen leinukoa;

12 Gemaliren seme Amiel, Danen leinukoa;

13 Mikaelen seme Setur, Axerren leinukoa;

14 Bafsiren seme Nahbi, Neftaliren leinukoa;

15 Makiren seme Geuel, Gaden leinukoa.

16 Horiek izan ziren Moisesek lurraldea ikertzera bidali zituen gizonak. Nunen seme Oseasi Josue izena ezarri zion.

17 Moisesek, beraz, Kanaan lurraldea ikertzera bidali zituen, esanez:—Zoazte Negevetik eta igo mendialdera.

18 Begira zer-nolako lurraldea den, hango biztanleak indartsuak ala ahulak, gutxi ala asko diren.

19 Begira haien hiriak oihal-etxolazko kanpamenduak ala hiri gotorrak diren, lurra ona ala txarra den,

20 oparoa ala agorra, zuhaitzik dagoen ala ez. Izan kementsu eta ekarri hango zenbait fruitu ere.Hain zuzen, mahatsa biltzeko sasoia zen.

21 Joan ziren, bada, gizaseme haiek eta lurraldea ikertu zuten, Tzin basamortutik hasi eta Rehoberaino, Hamateko sarrera ondoraino.

22 Negevetik igo eta Hebronera iritsi ziren —Hebron Egiptoko Tanis baino zazpi urte lehenago eraikia zen—. Han bizi ziren Anaken ondorengo Ahiman, Xexai eta Talmai.

23 Exkol ibarrera heldurik, mahats-mordo bakarra zeukan aihen bat moztu eta haga batetik zintzilik biren artean eraman zuten. Granada eta pikuak ere hartu zituzten.

24 Ibarrari Exkol —hau da, «Mahats-mordo»— eman zioten izena, israeldarrek han moztu zuten mahats-mordoarengatik.

Ikertzaileen kontakizuna

25 Berrogei egunez lurraldea ikertu ondoren, itzuli egin ziren

26 eta, Kadexera, Paran basamortura, iritsirik, Moises, Aaron eta israeldar elkarte osoarekin bildu ziren. Guztiaren berri eman eta lurralde hartako fruituak erakutsi zizkieten.

27 Txosten hau azaldu zioten Moisesi: «Bidali gintuzun lurraldera joan gara. Esnea eta eztia darizkion lurra da benetan: hona hemen hango fruituak!

28 Alabaina, hango jendea indartsua da, hango hiriak gotorrak eta izugarri handiak. Gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi ditugu.

29 Negeveko eskualdean amalektarrak bizi dira; mendialdean hitita, jebustar eta amortarrak; itsasaldean eta Jordan inguruan, berriz, kanaandarrak».

30 Kalebek, jendeak Moisesen aurka ziharduen zurrumurrua isilaraziz, esan zuen: «Ea, goazen! Igo eta jabe gaitezen lurralde hartaz, bagara horretarako gauza eta».

31 Baina harekin ikerketan joandakoek zioten: «Ez, ezin diegu eraso, gu baino indartsuagoak baitira».

32 Eta ikertutako lurraldea oso gaiztoa zela hasi ziren esaten israeldarren aurrean: «Ikertzen ibili garen lurraldeak bertako biztanleak irentsi egiten ditu, eta hango jende guztia ikaragarri handia da.

33 Erraldoiak, Anaken ondorengoak, ere ikusi ditugu. Haien aldean matxinsaltoak ematen genuen eta halaxe hartu gintuzten beraiek ere gu».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36