Zenbakiak 3 EABD

Lebitarrei beste gomendioak

1 Hona hemen Aaronen eta Moisesen ondorengoak, Sinai mendian Jauna Moisesi mintzatu zitzaionean.

2 Aaronek lau seme zituen: Nadab lehen-semea, Abihu, Eleazar eta Itamar.

3 Horiek gantzutu eta sagaratu zituzten apaiz-zerbitzurako;

4 baina Nadab eta Abihu semerik utzi gabe hil ziren Sinai basamortuan, Jaunaren aurrean, honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako. Beraz, Eleazar eta Itamar izan ziren apaiz beren aita Aaronen ardurapean.

5 Jaunak esan zion Moisesi:

6 «Hurbilarazi Lebiren leinua eta ezar ezazu Aaron apaizaren zerbitzura, lagun diezaion.

7 Aaron eta elkarte osoaren ordezkari gisa beteko dute lebitarrek beren zerbitzua elkarketa-etxolaren aurrean, egoitzako zereginez arduratuz.

8 Elkarketa-etxolako tresnen ardura izango dute eta israeldarren zerbitzura egongo dira egoitzako zereginak betetzeko.

9 Lebitarrak, beraz, beste israeldarren artetik bereizi eta Aaroni eta beronen semeei emango dizkiezu laguntzaile.

10 Aaron eta beronen semeak ezarriko dituzu apaiz-zerbitzuan. Beste norbaitek apaiz-eginkizunetan jarduten badu, heriotzara emango dute».

11 Jaunak esan zion Moisesi:

12 «Lebitarrak hautatu ditut israeldarren artetik, berauen lehen-semeen ordez. Neureak ditut, beraz, lebitarrak,

13 neureak baititut lehen-semeak oro: Egiptoko lehen-seme guztiak hilarazi nituenean, niretzat sagaratu nituen Israelgo lehen-jaio guztiak, gizaki nahiz abereak. Neureak ditut, beraz. Neu naiz Jauna».

Lebitarren lehenengo izen-bilketa

14 Jaunak esan zion Moisesi Sinai basamortuan:

15 «Egizu lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz».

16 Moisesek izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.

17 Hauek ziren Lebiren semeak: Gerxon, Kehat eta Merari.

18 Gerxonen semeak Libni eta Ximei ziren, senitarteburuak;

19 Kehaten semeak, Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel, senitarteburuak;

20 Merariren semeak, Mahli eta Muxi, senitarteburuak. Horiek ziren lebitarren senitarteak, famili jatorriaren arabera banatuak.

21 Gerxonen ondorengoak bi senitartetan banatuak zeuden: libnitarrak eta ximeitarrak. Horiek ziren gerxondarren senitarteak.

22 Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 7.500 ziren.

23 Gerxondar senitarteak egoitzaren atzealdean, mendebaldean, etxolatu ziren.

24 Gerxondarren familiaburua Laelen seme Eliasaf zen.

25 Hona gerxondarren ardurapean zeuden elkarketa-etxolako osagaiak: egoitza eta berau estaltzen zuen oihal-etxola, honen estaldura eta sarrerako oihala,

26 egoitza eta aldare inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako oihalak, eta eraikuntza guztiko sokak.

27 Kehaten ondorengoen senitarteak amramdarrak, itzhartarrak, hebrondarrak eta uzieldarrak ziren.

28 Izen-bilketan hilabetez gorako gizonezkoak 8.600 ziren, santutegiaren zerbitzurako.

29 Kehatarren senitarteak egoitzaren alboan, hegoaldera, etxolatu ziren.

30 Kehatarren senitarteburua Uzielen seme Elitzafan zen.

31 Kehatarren ardurapean zeuden kutxa, ogien mahaia, argimutila, aldareak, santutegiko zerbitzuan erabiltzen ziren tresnak eta etxola bitan banatzen zuen errezela.

32 Aaronen seme Eleazar zen lebitarren senitarteburuen nagusi. Honek bere menpean zituen santutegiko zerbitzuaz arduratzen ziren guztiak.

33 Merariren ondorengoen senitarteak mahlitarrak eta muxitarrak ziren.

34 Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 6.200 ziren.

35 Meraritarren senitarteburua Abihailen seme Tzuriel zen. Hauek egoitzaren alboan, iparraldera, etxolatu ziren.

36 Meraritarren ardurapean zeuden egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak eta beste osagai guztiak;

37 baita atari inguruko zutabeak beren oinekin, hesolak eta sokak ere.

38 Ekialdean, hau da, egoitzaren buruz buru eta elkarketa-etxolaren aurrean, Moises, Aaron eta honen semeak zeuden etxolatuak; hauek santutegiaren zerbitzuaz arduratzen ziren israeldarren izenean. Beraiek ez beste norbait zerbitzu horretan sartzen bazen, heriotzara ematen zuten.

39 Moisesek eta Aaronek senitarteka erroldatu zituzten lebitarrak, Jaunaren agindura. Hilabetez gorako gizonezkoak 22.000 ziren guztira.

Lehen-semeen berreskuratzea

40 Jaunak esan zion Moisesi: «Egizu israeldarren lehen-semeen izen-bilketa, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz.

41 Eta bereiz iezazkidazu lebitarrak, israeldar lehen-semeen ordez. Neu naiz Jauna. Halaber, bereizi lebitarren abereak, israeldarren lehen abere-kumeen ordez».

42 Moisesek israeldarren lehen-semeen izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.

43 Izen-bilketan, hilabetez gorako israeldar gizonezkoak 22.273 ziren.

44 Jaunak esan zion Moisesi:

45 «Hartu lebitarrak israeldarren lehen-seme guztien ordez eta lebitarren abereak israeldarrenen ordez: neureak ditut lebitarrak. Neu naiz Jauna.

46 Israeldarren lehen-semeak lebitarrak baino 273 gehiago direnez, soberako horiek berreskuratzeko,

47 bakoitzarengatik zilarrezko bost txanponeko ordaina eskatuko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik.

48 Soberako lehen-semeak berreskuratzeko ordain-dirua Aaroni eta beronen semeei emango diezu».

49 Hartu zuen Moisesek lebitarrak baino gehiago ziren lehen-semeak berreskuratzeko ordain-dirua:

50 zilarrezko 1.365 txanpon hartu zituen, santutegiko dirutan, israeldarren lehen-semeen izenean.

51 Eta dirua Aaroni eta beronen semeei eman zien, Jaunak agindu bezala.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36