1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2 «Esan israeldarrei: Bizilekutzat emango dizuedan lurraldera iristean,
3 erre-opariak eta sakrifizioak eskainiko dizkiozue Jaunari, nahiz botoren bat betetzeko, nahiz nork bere borondatez, nahiz festa nagusietan. Horretarako abelgorria nahiz abere xehea aukeratuko duzue, eta Jaunak atseginez onartuko du oparia.
4 Sakrifizio horiek eskaintzen dituenak litro eta erdiren bat oliotan oraturiko lau kilo ogi-irin garbi erantsiko dizkie
5 eta litro eta erdiren bat ardo isur-oparitzat arkume bakoitzeko.
6 Oparigaia aharia bada, bi litro oliotan oraturiko zortzi kilo irin eskainiko ditu labore-oparitzat
7 eta bi litro ardo isur-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko du oparia.
8 Erre-opari edo sakrifizio gisa zekorra eskaintzen bada —promesen bat betetzeko nahiz elkartasun-oparitarako—,
9 hiru litro oliotan oraturiko hamabi kilo irin erantsiko dira,
10 eta beste hiru litro ardo isur-oparitarako. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.
11 «Horrela egingo da zezen, ahari, arkume nahiz antxume bakoitzeko.
12 Nolanahikoa izanik ere eskainitako abere-kopurua, abere bakoitzeko dagokion labore- eta isur-oparia egingo da.
13 Arau hauek beteko dituzte israeldarrek, Jaunak atseginez onartuko dituen opariak egitean.
14 Eta gauza bera zuen artean bizi den edo etorkizunean biziko den etorkinak ere: Jaunak atseginez onartzen dituen opariak egin nahi baditu, zuek bezala egingo du.
15 Lege bat bera izango duzue, bai zuek, bai zuen elkartean parte hartzen duten etorkinek. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun Jaunaren aurrean.
16 Lege eta ohikune bat bera izango duzue, bai zuek, bai zuen artean bizi den etorkinak».
17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
18 «Esan israeldarrei: Eraman behar zaituztedan lurraldera iritsi
19 eta hango ogia jatean, zati bat bereizi eta Jaunari eskainiko diozue.
20 Ogia erretzean, labealdi bakoitzeko opil bat eskainiko diozue hasikin gisa, uzta-sasoian lehen fruituak eskaintzen dituzuen bezala.
21 Belaunez belaun egingo diozue Jaunari labeko lehen ogien eskaintza.
22-23 «Agindu hauek guztiak, Jaunak Moisesi adieraziak eta haren bidez zuei emanak, indarrean daude aldarrikatu zirenetik eta hala egongo dira aurrerantzean ere zuen ondorengo belaunaldi guztientzat. Horiek horrela, eman dezagun, oharkabean bete gabe uzten duzuela agindu horietako bat.
24 «Oharkabean huts egin duena elkartea bada, zekor bat eskainiko du erre-oparitzat, ohiko labore-opari eta isur-opariekin batera, eta aker bat barkamen-oparitzat. Nik atseginez onartuko dut oparia.
25 Apaizak israeldar elkarte osoaren alde barkamen-ohikunea egingo du, eta barkatua izango du elkarteak bekatua; izan ere, oharkabean huts egin dute eta opariak eskaini dizkidate nire ohorez erretzeko eta beren oharkabeko erruaren barkamenerako.
26 Israeldar elkarte osoari eta haien artean bizi diren etorkinei emango diet barkamena, elkarte osoa izan baita oharkabean huts egin duena.
27 «Oharkabean huts egin duena herritar bakar bat bada, urtebeteko ahuntza eskainiko du barkamen-oparitzat.
28 Oharkabean huts egin duenaren aldeko barkamen-ohikunea egingo du apaizak, eta barkatua izango du herritarrak bekatua.
29 Lege bera izango duzue oharkabean huts egin duenarentzat, bertakoa nahiz zuen artean bizi den etorkina izan.
30 «Baina jakinaren gainean bekatu egiten duenak —bertakoa izan nahiz etorkina— iraindu egiten nau. Horrelako hori bota egingo dute herritik.
31 Nire hitza gutxietsi eta nire aginduak hautsi dituelako botako dute herritik, berea baitu errua».
32 Israeldarrak basamortuan zirela, gizon bat harrapatu zuten egur-biltzen larunbatez.
33 Harrapatu zutenek Moises, Aaron eta elkarte osoaren aurrera eraman zuten.
34 Zaintzapean utzi zuten gizona, ez baitzegoen oraindik erabakia zein zigor ezarri.
35 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Hil egin behar du gizon horrek! Kanpalekutik atera eta elkarte osoak harrikatuko du».
36 Hala, kanpalekutik atera eta harrikatu egin zuen elkarte osoak, hil arte, Jaunak Moisesi agindu bezala.
37 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
38 «Esan israeldarrei: Josi borlatxoak purpura-hariz soineko-ertzetan, bai zuek, bai zuen ondorengoek.
39 Borlatxoek nire aginduak gogoan edukitzen eta betetzen lagunduko dizuete. Horrela, ez diezue amore emango nirekin desleial izatera bultzatu ohi zaituzteten begi-bihotzen irrikei;
40 alderantziz, nire agindu guztiak gogoan eduki eta bete egingo dituzue, eta zeuen Jainko honentzat sagaratuak izango zarete.
41 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».