Zenbakiak 16 EABD

Kore, Datan eta Abiram Moisesen aurka

1 Itzharren seme Kore, Kehaten ondorengo lebitarra, eta hiru rubendar —Eliaben seme Datan eta Abiram eta Peleten seme On—

2 Moisesen aurka matxinatu ziren beste berrehun eta berrogeita hamar israeldarrekin batera. Hauek israeldar elkarteko buruzagi ziren, batzarrean kargu eta itzal handia zituztenak.

3 Moisesen eta Aaronen aurka elkar harturik, esan zieten: «Aski da! Elkarteko kide guztiak daude Jaunari sagaratuak eta guztien artean dago bera. Zein eskubidez jarri nahi duzue zeuen burua Jaunaren batzarraren gainetik?»

4 Hori entzutean, lurreraino ahuspeztu zen Moises,

5 eta Kore eta beronen taldekoei esan zien: «Bihar goizean aditzera emango du Jaunak nor duen berea, nor duen sagaratua eta nori dagokion opariak eskaintzea. Jaunak aukeratua hurbilduko zaio.

6 Egizue, beraz, hau: zuk, Kore, eta zure taldekoek errautsontziak ekarriko dituzue,

7 bertan sua egin eta intsentsua ezarriko duzue Jaunaren aurrean. Orduan azalduko da nor aukeratu duen Jaunak eta nor duen sagaratua. Aski da, lebitarrok!»

8 Gainera, esan zion Moisesek Koreri: «Entzun, lebitarrok!

9 Gutxi al deritzozue Israelgo Jainkoak herri osoaren artetik zuek hautatuak izateari, harengana hurbildu, Jaunaren egoitzako zerbitzuaren ardura izan eta herri osoaren izenean jarduteko?

10 Zuri eta lebitar guztioi berarengana hurbiltzeko eskubidea eman dizue Jaunak, eta apaizgoa nahi duzue oraindik?

11 Zu eta zure taldekoak Jaunaren kontra elkartu zarete! Nor da Aaron, beraren kontra jarduteko?»

12 Gero, Eliaben seme Datan eta Abirami dei egin zien Moisesek, baina haiek erantzun zuten: «Ez dugu joan nahi!

13 Gutxi al deritzozu esnea eta eztia darizkion lurraldetik gu ateratzeari, basamortuan hilarazteko? Eta oraindik ere guri agindu nahian al zabiltza?

14 Inondik ere ez gaituzu eraman esnea eta eztia darizkion lurraldera, ez diguzu soro eta mahastirik eman ondaretzat. Begien aurrean duguna ez ikustea nahi al duzu? Ba, ez, ez gara joango!»

15 Haserre-sutan jarri zen Moises eta esan zion Jaunari: «Ez onartu horien opariak! Nik ez diet ezertxo ere kendu, ezta asto bat ere; ez diet inolako kalterik egin!»

Jainkoak Kore, Datan eta Abiram zigortu

16 Moisesek esan zion Koreri: «Zu eta zure taldekoak aurkez zaitezte bihar Aaronekin batera Jaunaren aurrean.

17 Zure kide guztiek, nork bere errautsontzia hartu eta intsentsua ezarriz, Jaunaren aurrera eramango dituzte, berrehun eta berrogeita hamar errautsontzi guztira; zuk eta Aaronek ere, nork bere errautsontzia eramango duzue».

18 Hala egin zuten Kore eta taldekideek: nork bere errautsontzia hartu eta, sua eta intsentsua ipinirik, elkarketa-etxolaren sarreran jarri ziren. Han ziren Moises eta Aaron ere.

19 Korek israeldar elkarte osoa bildu zuen Moisesen eta Aaronen aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran. Jauna aintzaz beterik agertu zitzaion elkarte osoari.

20 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

21 «Alde talde horretatik, hor bertan galduko baititut!»

22 Haiek, lurreraino ahuspezturik, esan zuten: «Oi Jainko, izaki guztiei bizi-arnasa damaiezun Jainko, elkarte osoaren gain isuri behar ote duzu zeure haserrea gizon bakar baten bekatuagatik?»

23 Jaunak erantzun zion Moisesi:

24 «Esan elkarteari Kore, Datan eta Abiramen etxoletatik urruti gelditzeko».

25 Moises, Israelgo herri-arduradunak ondoren zituela, Datan eta Abiramengana joan zen.

26 Eta elkarteari esan zion: «Alde gizon gaizto horien etxola ingurutik eta ez ukitu horienik ezer, horien bekatuengatik zeuek ere gal ez zaitezten».

27 Herria urrundu egin zen Kore, Datan eta Abiramen etxola ingurutik. Datan eta Abiram beren etxolatik irten eta sarreran zeuden beren emazte eta seme-alabekin.

28 Moisesek esan zuen: «Orain izango duzue froga eta jakingo Jaunak bidali nauela egiteko hau burutzera, eta ez naizela neure kabuz ari.

29 Gizon hauek gizakiak berezko duen heriotzaz hiltzen badira, Jaunak bidali ez nauen seinalea;

30 baina Jaunak mirariren bat egiten badu, lurrak zabaldu eta daukaten guztiarekin irensten baditu, Herio Leizera bizirik jaisten badira, gizon horiek Jauna mespretxatu dutela esan nahiko du».

31 Moisesek mintzatzen amaitu orduko, oinazpian lurra zabaldu

32 eta irentsi egin zituen Koreri elkartu zitzaizkion gizonak beren familia eta ondasunekin.

33 Bizirik jaitsi ziren Herio Leizera ondasun guztiekin, eta lurra itxi egin zen berriro. Honela, Jaunak ezabatu egin zituen elkartetik.

34 Inguruan zeuden israeldar guztiek, haien garrasiak entzutean, ihesari eman zioten, lurrak irentsiko zituen beldur.

35 Jaunak sua leherrarazi zuen eta intsentsua eskaini zuten berrehun eta berrogeita hamar gizon haiek hil zituen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36