Zenbakiak 20 EABD

Harkaitzetik ura sortu

1 Urtearen lehen hilean israeldar elkartea Tzin basamortura iritsi eta Kadexen gelditu zen aldi baterako. Han hil zen Miriam eta bertan ehortzi zuten.

2 Ez zen han herriarentzat urik, eta Moisesen eta Aaronen aurka bildu ziren israeldarrak.

3 Aurpegi eman zioten Moisesi, esanez: «Ai gu ere hil bagina Jaunak hilarazi zituen senideekin batera!

4 Zergatik ekarri duzue Jaunaren elkartea basamortu honetara? Geu eta gure abereak hil nahi ote gaituzue?

5 Zertarako atera gintuzuen Egiptotik, zergatik ekarri bazter negargarri honetara? Hemen ezin da ezer erein, ezta pikondorik, mahatsondorik nahiz granadondorik landatu ere; ez dago edateko urik ere!»

6 Herri-batzarra utzirik, elkarketa-etxolako sarrerara joan eta lurreraino ahuspeztu ziren Moises eta Aaron. Orduan, Jauna agertu zitzaien aintzaz beterik,

7 eta esan zion Jaunak Moisesi:

8 «Hartu makila eta, zeure anaia Aaron lagun duzula, bildu israeldarren elkartea; gero, guztien aurrean, agindu harkaitzari, eta honek ura emango du. Harkaitzetik ura sorraraziko duzu, eta elkarteari eta abereei emango diezu edaten».

9 Jaunak agindu bezala, hartu zuen Moisesek elkarketa-etxolan, Jaunaren aurrean, zegoen makila.

10 Gero, Moisesek eta Aaronek elkartea bildu zuten harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan zien: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sorrarazteko gauza ote gara?»

11 Hori esanik, besoa jaso eta bi aldiz jo zuen makilaz harkaitza. Ur-mordoa atera zen, eta jendeak eta abereek edan zuten.

12 Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».

13 Gertakari hau dela eta, iturri hark «Meribako Urak» du izen, —hau da, «Auzi Urak»—, han eman baitzioten aurpegi israeldarrek Jaunari, eta honek bere santutasuna agertu zuen.

Edomgo erregeak israeldarrei bidea galarazi

14 Kadextik mezulariak bidali zizkion Moisesek Edomgo erregeari mezu honekin: «Hau diotsute zeure anaia israeldarrek: Ongi dakizu zer-nolako nekeak jasan behar izan ditugun.

15 Gure arbasoak Egiptora jaitsi ziren eta gure herria luzaro bizi izan zen bertan; baina gero, egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, bai geuri, bai arbasoei.

16 Orduan, oihu egin genion Jaunari laguntza eske eta hark entzun egin zituen gure garrasiak: aingerua bidali eta atera egin gintuen Egiptotik. Orain hemen gara, Kadexen, zure lurraldearen mugako hirian.

17 Utz iezaguzu zeure lurraldetik igarotzen. Ez gara igaroko ez soroetatik, ez mahastietatik, eta ez dugu edango zure putzuetako urik. Errepidetik joango gara, apurtxo bat ere saihestu gabe, zure lurraldea zeharkatu arte».

18 Baina Edomgo erregeak erantzun zien:—Ez duzue nire lurraldea zapalduko; bestela, bidera aterako natzaizue borrokara.

19 Israeldarrek esan zioten:—Bide nagusitik joango gara. Baldin guk eta abereek zure putzuetako urik edango bagenu, ordaindu egingo genizuke. Zure lurraldetik oinez igarotzen uzteko besterik ez dizugu eskatzen.

20 Edomgo erregeak, berriz:—Ez zarete igaroko!Eta bidera atera zitzaien gudaroste handi eta biziki indartsuarekin.

21 Honela, galarazi egin zion Edom herriak Israeli bere lurraldetik igarotzea, eta israeldarrak urrundu egin ziren, zeharbidea hartuz.

Aaronen heriotza

22 Kadextik abiatu eta Hor mendira iritsi zen israeldar elkartea.

23 Han, Edom lurraldearen mugan, Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

24 «Aaron hil egingo da, ezin baita sartu israeldarrei emango diedan lurraldean, muzin egin baitzenieten nire aginduei Meribako iturriaren ondoan.

25 Zuk, Moises, eramatzazu Aaron eta beronen seme Eleazar Hor mendiaren gailurrera.

26 Han apaiz-arropak erantziko dizkiozu Aaroni, eta beronen seme Eleazarri jantziko, bertan hilko baita Aaron».

27 Jaunak agindu bezala egin zuen Moisesek, eta israeldar guztien begi-bistan Hor mendira igo ziren.

28 Han, apaiz-arropak erantzi zizkion Moisesek Aaroni eta Eleazarri jantzi. Han bertan, mendi-gailurrean, hil zen Aaron. Ondoren, Moises eta Eleazar menditik jaitsi ziren.

29 Ohartu ziren israeldarrak Aaron hila zela, eta dolu egin zuten harengatik hogeita hamar egunez.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36