Zenbakiak 8 EABD

Argimutilaren prestakizunak

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esaiozu Aaroni, zazpi kriseiluak pizterakoan, argimutilaren aurrealdea argitzeko eran egokitzeko».

3 Bete zuen Aaronek Jaunak Moisesi agindua, eta argimutilaren aurrealdea argitzeko eran egokitu zituen kriseiluak.

4 Mailuz landuriko urrez egina zen argimutila, oinetik lore-hosto-bururaino. Jaunak Moisesi erakutsitako ereduaren arabera egina zen.

Lebitarren sagarapen-ohikunea

5 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

6 «Bereizi lebitarrak beste israeldarren artetik eta egiezu garbikuntza.

7 Garbikuntza-ohikune hau erabiliko duzu: garbikuntzako urez zipriztinduko dituzu; ondoren, gorputzeko ile guztia moztuko dute eta arropak garbituko. Horrenbestez, garbi geldituko dira.

8 Gero, zekor bat eta dagokion labore-oparia —oliotan oraturiko irin garbikoa— hartuko dute; zuk barkamen-oparitarako beste zekor bat hartuko duzu.

9 Israeldarren elkarte osoa bilduko duzu eta lebitarrak elkarketa-etxolara hurbilaraziko.

10 Han, Jaunaren aurrean, israeldarrek eskuak buru gainean ezarriko dizkiete.

11 Aaronek, aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskainiko dizkio lebitarrak israeldarren izenean, eta Jaunaren zerbitzurako geldituko dira.

12 Gero, lebitarrek eskuak ezarriko dizkiete buruan zekorrei, eta Aaronek lebitarren alde barkamen-ohikunea egiteko eskainiko ditu, bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat.

13 Aaronen eta beronen semeen aurrean ipiniko dituzu lebitarrak, eta Jaunari eskainiko dizkiozu, aurkezpen-keinua eginez;

14 horrela bereiziko dituzu lebitarrak gainerako israeldarren artetik eta neureak izango ditut.

15 Ordutik aurrera, has daitezke lebitarrak elkarketa-etxolan beren zerbitzua betetzen. Beraz, haien garbikuntza egin eta eskaini egingo dituzu:

16 niretzat bereiziak dira israeldarren artetik eta niri oso-osorik emanak. Israeldarren lehen-semeen ordez hartu ditut,

17 neureak baititut israeldar lehen-semeak oro, baita lehen abere-kumeak ere. Egiptoko lehen-seme guztiak hil nituenean, neuretzat sagaratu nituen.

18 Baina israeldar lehen-semeen ordez lebitarrak hartu ditut

19 eta Aaroni eta beronen semeei eman laguntzaile gisa israeldarren izenean, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko eta israeldarren alde barkamen-ohikunea egiteko. Horrela, ez zaie israeldarrei zoritxarrik gertatuko santutegira hurbiltzeagatik».

20 Moisesek, Aaronek eta israeldar elkarte osoak bete zuten Jaunak lebitarrei buruz agindurikoa.

21 Lebitarrek garbikuntza egin eta arropak garbitu zituzten. Aaronek Jaunari eskaini zizkion, errituzko aurkezpen-keinua eginez, eta haien garbikuntzarako barkamen-ohikunea egin zuen.

22 Horren guztiaren ondoren, elkarketa-etxolako zerbitzua betetzen hasi ziren, Aaronen eta beronen semeen ardurapean. Jaunak Moisesi lebitarrei buruz aginduriko guztia bete zuten.

Lebitarren zerbitzaldia

23 Jaunak esan zion Moisesi:

24 «Hogeita bost urtetik aurrera hasiko dira lebitarrak elkarketa-etxolan duten zerbitzua betetzen,

25 eta berrogeita hamar urterekin utziko diote lanari: ez dute beren zerbitzua luzaroago beteko.

26 Lagun diezaiekete, bai, beren senideei elkarketa-etxolako eginkizunetan, baina beren zerbitzuan jardun ez. Horrela xedatuko duzu lebitarren egitekoa».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36