Zenbakiak 18 EABD

1 Jaunak esan zion Aaroni: «Zu, zure semeak eta leinuko beste kideak izango zarete santutegiaren aurkako hutsegiteen erantzule; zeuen apaiz-jardueran egindako hutsegiteenak, berriz, zu eta zure semeak bakarrik.

2 Zeure aitaren leinuko senide lebitarrei ere utziko diezu santutegira hurbiltzen eta ondoan izango dituzu laguntzaile, zuk eta zure semeek itun-etxolaren aurrean jardungo duzuenean.

3 Zure eta itun-etxolaren zerbitzura egongo dira; baina ez dira gauza sakratuetara, ez aldarera, hurbilduko, haiek eta zuek hil ez zaitezten.

4 Elkarketa-etxolako zerbitzuan eta hango zereginetan egingo dizute lagun; ez zaizue lebitar ez den inor elkartuko.

5 Zuek beteko duzue santutegiko eta aldareko zerbitzu sakratua; honela, ez da nire haserrea israeldarren aurka piztuko.

6 Nik bereizi ditut zure senide lebitarrak israeldarren artetik, eta niri, Jaun honi, oso-osorik emanak daude, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko.

7 Baina zuk eta zure semeek bakarrik beteko dituzue aldarean nahiz errezelaz barrualdera bete beharreko apaiz-jarduerak. Eginkizun hori zuei dagokizue, zuei eman baitizuet apaiz-kargua. Apaiz ez den norbaitek apaizgintzan badihardu, heriotzara emango dute».

Apaizei dagokiena

8 Jaunak esan zion Aaroni: «Zure esku uzten ditut israeldarrek zor dizkidaten eskaintza sakratu guztiak: zuri eta zure ondorengoei dagokizuen zati dira. Betiko lege izango duzue hau.

9 Opari guztiz sakratuetatik, hau da, israeldarrek eskainiko dizkidaten labore-opari, barkamen- eta ordain-oparietatik nire ohorez erretzen ez dena zuretzat eta zure ondorengoentzat izango da.

10 Gizonezkoek bakarrik jan dezakete opari horietatik, eta toki sakratuan jango dute, guztiz sakratuak baitira.

11 Gainera, errituzko aurkezpen-keinua eginez eskaintzen dizkidazun beste oparigaien zati bat ematen dizuet, zuri eta zure ondorengoei, gizonezko nahiz emakumezko: garbi dagoen edonork jan dezake horietatik. Betiko lege izango duzue hau.

12 Zuri ematen dizkizut israeldarrek ekartzen dizkidaten lehen fruituak ere: olio eta ardo berrien eta gariaren zatirik hoberenak.

13 Halaber, ekartzen dizkidaten uzta guztien lehen emaitzak zureak izango dira. Zure senitartetik garbi dagoen edonork jan dezake horietatik.

14 Israeldarrek erabat eta betiko sagaraturiko guztia ere zuretzat izango da.

15 «Azkenik, zuretzat izango dira niri eskainiriko israeldarren lehen-seme nahiz lehen abere-kume guztiak ere. Baina giza lehen-semeak eta abere kutsatuen lehen-kumeak berreskuratu egingo dituzte.

16 Jaio eta hilabetera ordainduko dute israeldarrek berreskuratzeko jaregite-saria: zilarrezko bost txanponeko ordaina ezarriko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik.

17 Baina ez dute berreskuratuko behi, ardi nahiz ahuntzen lehen-kumerik: niretzat sagaratuak dira. Hil egingo dituzu, odola aldare gainean isuri eta gantza nire ohorez erre. Nik atseginez onartuko dut oparia.

18 Haragia zuretzat izango da, niri aurkezturiko bularra eta eskuineko izterra zuretzat diren bezala.

19 Israeldarrek opari sakratutzat niretzat bereizitako guztia, zuri eta zure ondorengoei, gizonezko nahiz emakumezkoei, ematen dizuet. Betiko lege izango duzue hau. Inola ere aldaezineko konpromisoa da, nik, Jaunak, zurekin eta zure ondorengoekin hartzen dudana».

Lebitarrei dagokiena

20 Jaunak esan zion Aaroni: «Ez duzu lursailik izango zeure ondaretzat israeldarrei emango diedan lurraldean. Neu izango nauzu ondare eta mantenu beste israeldarren artean.

21 Israeldarren lurreko fruituen hamarrenak ematen dizkiet lebitarrei ondaretzat, elkarketa-etxolan betetzen duten zerbitzuaren ordain.

22 Gainerako israeldarrak ez dira elkarketa-etxolara hurbilduko, heriotza-zigorra lekarkiekeen bekatua egingo bailukete.

23 Lebitarrak arduratuko dira elkarketa-etxolako zerbitzuaz, eta beren hutsegiteen erantzule izanen dira. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun. Lebitarrek, beraz, ez dute Israelen lursailik izango ondare.

24 Israeldarrek niretzat bereizten dituzten lurreko emaitzen hamarrenak ematen dizkiet ondaretzat. Horregatik esan diet ez dutela lursailik izango ondare gainerako israeldarren artean».

25 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

26 «Esan lebitarrei: Israeldarren lurreko fruituetarik nik ondaretzat emandako hamarrenak jasotzean, hamarrenen hamarrena bereizi eta niri, Jaunari, eskainiko didazue.

27 Hori izango duzue zeuen eskaintza Jaunarentzat, beste israeldarrek beren garitik nahiz olio eta ardo berritik egin ohi dutenaren parekoa.

28 Beraz, israeldarrengandik jasoriko hamarrenetik bereiziko duzue zeuen eskaintza Jaunarentzat, eta Aaron apaizari emango diozue.

29 Israeldarrek emandako guztitik zati bat bereiziko duzue Jaunari zeuen eskaintza egiteko: zatirik hoberena bereiziko duzue Jaunari eskaintzeko.

30 «Esan beste hau ere: Niretzat zatirik hoberena bereizi ondoren, hartu gainerakoa zeuentzat, beste israeldarrek garia eta olio-ardoak berentzat hartzen dituzten bezala.

31 Nonahi jan dezakezue zeuek eta zuen etxekoek. Hori da zuen ordaina elkarketa-etxolako zerbitzuagatik.

32 Niretzat zatirik hoberena bereiziz gero, ez zarete errudun bihurtuko, ez dituzue israeldarren opari sakratuak profanatuko, eta ez zarete hilko».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36