1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2 «Esan israeldarrei: Jaunari nazireu bezala sagaratzeko botoa egiten duenak, gizonezko zein emakumezkok,
3 ez du ardorik, ez beste alkohol-edaririk edango, ez edari horietatik ateratako ozpinik ere; ez du inolako mahats-zukurik edango, ez eta mahatsik edo mahaspasarik jango.
4 Nazireutzak dirauen bitartean, ez du mahatsez eginiko ezer jango, ezta haziz edo azalez eginikorik ere.
5 Nazireu-botoaren denboraldi guztian ez du ilea moztuko: Jaunari sagaratua baitago, ilea hazten utziko du.
6 Jaunari sagaraturik dagoen denboraldi horretan ez da gorpu batengana hurbilduko:
7 aita nahiz ama, anaia nahiz arreba hiltzen bazaio ere, ez da kutsatuko, Jaunari sagaratua baitu bere burua.
8 Nazireu-garai guztian Jaunari sagaraturik dago.
9 «Bat-batean norbait ondoan hiltzen bazaio, sagarapenaren ezaugarri duen ilea kutsatuz, garbikuntza-ohikunea egingo du zazpi egunen buruan: egun horretan erabat moztuko du buruko ilea.
10 Zortzigarren egunean bi usapal edo bi usakume eramango dizkio apaizari, elkarketa-etxolaren sarrerara.
11 Bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu apaizak, eta haren alde barkamen-ohikunea egingo du, gorpua ukitzean eginiko hobenagatik. Egun horretan berriro sagaratuko dio nazireuak bere burua Jaunari.
12 Ostera hasiko du Jaunari nazireu bezala sagaraturiko denboraldia; aurreko egunak ez zaizkio kontuan hartuko, bere nazireu-botoa profanatu duelako. Gainera, urtebeteko bildotsa eramango dio Jaunari ordain-oparitzat.
13 «Hona hemen nazireuari buruzko legea: Sagarapen-garaia burutzean, elkarketa-etxolaren sarrerara joango da
14 eta urtebeteko bildots akats gabea eskainiko dio Jaunari erre-oparitzat, urtebeteko arkume akats gabea barkamen-oparitzat eta ahari akats gabea elkartasun-oparitzat.
15 Irin garbiz eginiko legamia gabeko saski bat ogi, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko talo legamia gabeak ere eskainiko ditu, labore- eta isur-opariekin batera.
16 Apaizak Jaunari aurkeztuko dizkio opariok, eta barkamen-oparia eta erre-oparia eskainiko ditu;
17 gero, aharia eskainiko du elkartasun-oparitzat, legamia gabeko ogien saskiarekin batera, eta labore- eta isur-opariak.
18 Ilea motz-motz egingo du nazireuak elkarketa-etxolako sarreran eta bere sagarapenaren ezaugarri duen ile moztua elkartasun-oparia erretzen deneko sutara botako du.
19 Ahari errearen beso bat, saskiko legamia gabeko ogi bat eta legamia gabeko opil bat hartu eta nazireu ile-moztuaren eskuetan ipiniko ditu apaizak.
20 Gero, apaizak Jaunari aurkeztuko dio hori guztia: gauza sakratua da eta apaizari dagokio, aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra bezala. Horren guztiaren ondoren, ardoa edan ahal izango du nazireu-botoa zuenak.
21 «Hori da nazireu-botoz bere burua Jaunari sagaratzen dionari buruzko legea, horiek dira Jaunari aurkeztu behar dizkion opariak, bere kabuz eskain diezaiokeenaz aparte. Lege honen arabera beteko ditu aginduriko botoaren eginbeharrak».
22 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
23 «Esaiezu Aaroni eta beronen semeei formula hau erabili behar dutela israeldarrak bedeinkatzeko:
24 «Jaunak bedeinkaeta gorde zaitzala;
25 Jaunak aurpegi argia erakutsieta erruki dakizula.
26 Jaunak maitasunez begiratueta bakea eman diezazula.
27 «Honela, nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut».