Zenbakiak 28 EABD

Sakrifizioei buruzko arauak liturgi egutegiaren araberaZen 28—29 kap.ek Lb 23 kap.an kultuari buruz esana argitasun eta zehaztasun handiagoz garatzen dute.

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Agindu israeldarrei izan daitezela arduratsu dagozkidan eskaingaiak, nire ohorez erretzeko opariak, ezarritako egunetan aurkezten; atseginez onartuko ditut.

3 Esaiezu:«Hona hemen Jaunaren ohorez egunero erreko dituzuen opariak: urtebeteko bi arkume akats gabe eguneroko erre-opari gisa;

Egunerokoa

4 bata goizean eskainiko da eta ilunabarrean bestea;

5 eta labore-opari gisa, litro eta erdiren bat oliotan oraturiko lau kilo ogi-irin garbi.

6 Hori da eguneroko erre-oparia, Sinai mendian egin ohi zenaren erakoa: Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena.

7 Lehenengo arkumearekin batera, litro eta erdi ardo eskainiko da isur-oparitzat; isur-oparia santutegian eskainiko zaio Jaunari.

8 Bigarren arkumea ilunabarrean eskainiko da isur-opari berarekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

Larunbatekoa

9 «Larunbatez, urtebeteko bi arkume akats gabe eskainiko dira, oliotan oraturiko zortzi kilo irinen labore-oparia eta haiei dagozkien isur-opariak.

10 Hau da larunbatero eskaini beharreko erre-oparia, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain.

Hilaren lehen egunekoa

11 «Hilaren hasieran, bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akats gabeak— aurkeztuko dizkiozue Jaunari erre-oparitzat.

12 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo

13 eta arkume bakoitzeko lau kilo. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena.

14 Oparigaiei isur-opari hauek dagozkie: zekor bakoitzari hiru litro ardo, ahariari bi litro eta arkume bakoitzari litro eta erdi. Hori da hil guztien hasieran eskainiko den erre-oparia.

15 Gainera, aker bat eskainiko zaio Jaunari barkamen-oparitzat, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain.

Pazko-jaikoa

16 «Lehen hilaren hamalauan Pazkoa ospatuko duzue Jaunaren ohorez,

17 eta hilaren hamabostean zazpi eguneko jaia hasten da: egun horietan legamia gabeko ogia jango duzue.

18 Astearen lehen egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

19 Opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez: bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akats gabeak—,

20 eta dagokien labore-oparia, oliotan oraturiko irina, alegia: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo

21 eta arkume bakoitzeko lau kilo.

22 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko.

23 Hori guztia eginen duzue goizero egin beharreko erre-opariaz gain.

24 Zazpi jaiegunetan, egunero eskainiko dituzue Jaunaren ohorez erretzeko opariak eta hark atseginez onartuko ditu. Opariok, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain eginen dituzue.

25 Zazpigarren egunean batzar sakratua izango duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

Mendekoste-jaikoa

26 «Asteen Jaian, lehen fruituen egunean uzta berriko fruituen oparia Jaunari aurkeztean, batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

27 Bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu.

28 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo

29 eta arkume bakoitzeko lau kilo.

30 Gainera, aker bat zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko.

31 Opariok eginen dituzue eguneroko erre-opari eta labore-opariez gain. Abere akats gabeak aukeratuko dituzue eta dagozkien isur-opariak erantsiko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36