Zenbakiak 31 EABD

Madiandarren aurkako gudua

1 Jaunak esan zion Moisesi:

2 «Egin mendeku madiandarren kontra, israeldarrei egin dieten kalteagatik; ondoren, hil egingo zara».

3 Moisesek, bada, esan zion herriari: «Aukeratu gizonak eta har ditzatela armak gudurako, Madianen aurka Jaunak erabaki duen mendekua hartzera joateko.

4 Israelgo leinu guztietatik milana gizon bidaliko dituzue gudura».

5 Horrela, hamabi mila gizon armatu prestatu zituzten gudurako, leinu bakoitzetik mila.

6 Horiek bidali zituen Moisesek gudura; arma-gizonekin batera, Eleazarren seme Pinhas bidali zuen, tresna sakratuak eta seinaleak egiteko turutak eramanez.

7 Gerra egin zioten, bada, Madiani, Jaunak Moisesi agindu bezala, eta madiandar gizonezko guztiak hil zituzten,

8 Madiango bost erregeak barne: Ebi, Rekem, Tzur, Hur eta Reba. Beor-en seme Balaam ere ezpataz hil zuten.

9 Israeldarrek gatibu hartu zituzten madiandar emakume eta haurrak, eta abere, azienda eta ondasunak harrapatu.

10 Madiandarrak bizi zireneko hiri eta kanpaleku guztiei su eman zieten.

11 Ondoren, harrapaturiko guztia —abere nahiz gizaki— hartu

12 eta Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, etxolaturik zeuden Moisesi, Eleazar apaizari eta israeldarren elkarte osoari eraman zieten.

13 Moises, Eleazar apaiza eta elkarte-arduradun guztiak, kanpalekua utzirik, bidera irten zitzaizkien.

14 Baina Moises haserretu egin zen gudutik zetozen gudarosteko taldeburuekin,

15 eta esan zien: «Zergatik utzi dituzue bizirik emakumeak?

16 Bazenekiten beraiek izan zirela, Balaamek zirikaturik, israeldarrak Jaunaren aurka altxarazi zituztenak, Peorko hartan; horregatik, hain zuzen, gertatu zen izurria Jaunaren elkartearen aurka.

17 Orain, bada, hil mutikoak eta sexu-harremanak izan dituzten emakume guztiak;

18 utzi bizirik, ordea, eta hartu zeuentzat neskatxa birjinak.

19 Eta zuek, norbait hil edo gorpuren bat ukitu duzuenok, zazpi egunez kanpalekutik aparte egongo zarete etxolaturik. Bai zuek, bai gatibuek, garbikuntza egingo duzue hirugarren eta zazpigarren egunetan.

20 Era berean, garbitu arropa guztia, baita larruzko gauzak, ahuntz-ilezko oihalak eta zurezko tresnak ere».

21 Guduan izandako soldadu guztiei esan zien Eleazar apaizak: «Hona hemen Jaunak Moisesi aginduriko legeak:

22 Urre, zilar, brontze, burdina, eztainu nahiz berun,

23 hau da, sua jasan dezakeen zernahi, sutan ezarri eta garbikuntzarako uretan sartuz garbituko duzue; sua jasan ezin duen guztia, berriz, uretan sartuko duzue.

24 Zazpigarren egunean arropak garbitu eta garbi geldituko zarete; ondoren, kanpalekuan sartu ahal izango zarete berriro».

Harrapakinen banaketa

25 Jaunak esan zion Moisesi:

26 «Atera, Eleazar apaizaren eta elkarteko familiaburuen laguntzarekin, harrapaturiko gizaki eta abereen kontua,

27 eta erdibanatu gudura borrokatzera joan direnen eta elkarte osoaren artean.

28 Horretatik guztitik, bereizi zati bat Jaunarentzat: gudura borrokatzera joan direnei dagokienetik, bostehuneko bat, bai gizakietatik, bai behi, asto nahiz ardietatik;

29 hartu zati hori eta eraman Eleazar apaizari Jaunarentzat eskaintza gisa.

30 Gainerako israeldarrei dagokienetik, berriz, hartu berrogeita hamarreko bat, bai gizakietatik, bai abere guztietatik —behi, asto nahiz ardietatik—, eta eman Jaunaren egoitzako zerbitzuaz arduratzen diren lebitarrei».

31 Moisesek eta Eleazar apaizak Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten.

32 Guduan harrapatu zutenetik gelditzen zena hauxe zen: ardiak 675.000,

33 behiak 72.000,

34 eta astoak 61.000;

35 gizakiak, berriz, hau da, neskatxa birjinak, 32.000 guztira.

36 Guduan izandakoei zegokien erdi-partea hauxe zen: ardiak 337.500

37 (Jaunari zegozkionak 675 buru),

38 behiak 36.000 (Jaunari zegozkionak 72 buru),

39 astoak 30.500 (Jaunari zegozkionak 61 buru)

40 eta 16.000 pertsona (Jaunari zegozkionak 32).

41 Moisesek Eleazar apaizari eman zizkion Jaunarentzat eskaintza gisa bereizitakoak, Jaunak agindu bezala.

42 Beste erdi-partea, israeldarrei banatzeko Moisesek guda-harrapakinetatik bereizia,

43 hauxe zen: ardiak 337.500,

44 behiak 36.000,

45 astoak 30.500,

46 eta 16.000 pertsona.

47 Israeldarrei zegokien zatitik, gizaki eta abere-mota bakoitzetik berrogeita hamarreko bat bereizi zuen, eta Jaunaren egoitzako zerbitzuaz arduratzen ziren lebitarrei eman zien, Jaunak agindu bezala.

Buruzagien borondatezko eskaintzak

48 Gudarosteko taldeburuek Moisesengana joan

49 eta esan zioten: «Zure zerbitzariok geure agindupean geneuzkan soldaduen kontua atera dugu eta ez zaigu inor ere falta.

50 Horregatik, bizirik atera gaituelako, Jaunari eman nahi dizkiogu oparitzat nork beretzat eskuratu dituen urrezko bitxiak: eraztun, eskumuturreko, besoko eta belarritakoak».

51 Moisesek eta Eleazar apaizak urre landuzko bitxiak jaso zituzten.

52 Gudarosteko taldeburuek Jaunari oparitzat eskainitako urreak ehun eta hirurogeita hamar kilo pisatzen zuen gutxi gorabehera.

53 Bitxiok soldaduek guduan nork beretzat harrapatuak ziren.

54 Moisesek eta Eleazar apaizak, bada, gudarosteko taldeburuengandik urrea jaso eta elkarketa-etxolara eraman zuten, Jaunak israeldarrak gogoan izan zitzan.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36