Zenbakiak 17 EABD

Koretarren errautsontziak

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esan Aaronen seme Eleazarri ateratzeko errautsontziak sutatik urrutira, sagaratuak baitaude, eta sakabanatzeko txingarrak.

3 Gizon horiek beren bekatuagatik bizia galdu badute ere, errautsontziak sagaratuak daude, nire aurrean intsentsua eskaintzeko erabili izan direlako. Egin errautsontzi horiekin aldarea estaltzeko xaflak; horrela, oharpide izango dira israeldarrentzat».

4 Beraz, hartu zituen Eleazar apaizak sutan hil ziren gizonek aurkeztutako brontzezko errautsontziak eta xaflak egin zituen aldarea estaltzeko.

5 Israeldarrentzat oroigarri zen hori, Aaronen ondorengo ez zen inor Jaunaren aurrean intsentsua erretzera hurbil ez zedin ohartarazteko; horrela, ez zitzaien gertatuko Koreri eta beronen taldekoei gertaturiko ezbeharra, Jaunak Moisesen bitartez aldez aurretik adierazitakoa.

Herria Moises eta Aaronen aurka mintzo

6 Biharamunean, israeldar elkarte osoa Moises eta Aaronen aurka marmarrean hasi zen, esanez: «Jaunaren herria hiltzen ari zarete zuek».

7 Elkartea Moises eta Aaronen aurka biltzen ari zen. Hortan, elkarketa-etxolarantz begiratzean, lainoak estalia zuela ikusi zuten eta Jauna agertu zen aintzaz beterik.

8 Orduan, Moises eta Aaron elkarketa-etxolaren aurrera joan ziren,

9 eta Jaunak esan zion Moisesi:

10 «Urrundu elkarte honetatik, bat-batean birrinduko baitut».Moises eta Aaron lurreraino ahuspeztu ziren,

11 eta Moisesek esan zion Aaroni: «Hartu zeure errautsontzia, ipini bertan aldareko txingarrak eta bota gainean intsentsua; zoaz arin elkartera eta egizu haien aldeko barkamen-ohikunea, Jaunaren haserrea piztu baita eta hasia da izurria».

12 Moisesek agindu bezala, Aaron errautsontzia hartu eta korrika joan zen bildua zegoen elkarteagana. Egiaz, ordurako hasia zen izurria herrian zabaltzen. Aaronek intsentsua ipini eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea egin zuen,

13 hilik eta oraino bizirik zeuden herritarren artean zutik. Orduan, gelditu egin zen izurria.

14 Honen ondorioz hilak 14.700 ziren, Koreren matxinadakoan hildakoak kontuan hartzeke.

15 Izurria bukatzean, elkarketa-etxolara, Moisesen ondora, itzuli zen Aaron.

Aaronen makila

16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

17 «Esan israeldarrei ekartzeko leinu bakoitzeko makila bana, hamabi makila guztira. Leinuburuek ekarriko dituzte makilak, eta zuk leinuaren izena idatziko duzu makila bakoitzean;

18 Lebirenean Aaronen izena idatziko duzu, makila bakarra behar baita leinuburu bakoitzeko.

19 Elkarketa-etxolara eraman eta itun-agiriaren aurrean ezarriko dituzu, zuei elkartzen natzaizuen tokian.

20 Nik aukeraturiko gizonaren makila ernamuindu egingo da; horrela, behin betiko urrunduko ditut israeldarrek zuen aurka egiten dituzten marmarrak».

21 Moisesek israeldarrei hau guztia esan eta leinuburu guztiek makila bana eraman zuten, hamabi makila guztira. Haien artean zegoen Aaronena ere.

22 Moisesek itun-etxolan, Jaunaren aurrean, ezarri zituen.

23 Biharamunean, joan zen Moises itun-etxolara eta Lebiren leinuari zegokion Aaronen makila ernamuindua ikusi zuen: ernamuindua eta loratua zegoen eta almendra helduak zituen.

24 Orduan, Moisesek Jaunaren aurretik makilak atera eta israeldar guztiei erakutsi zizkien; denek ikusi zituzten, eta buruzagiek nork berea hartu zuten.

25 Jaunak esan zion Moisesi: «Ipini berriro Aaronen makila itun-agiriaren aurrean eta gorde bertan herri errebelde honentzat oharpen gisa. Horrela, bukatuko dira nire aurkako haien marmarrak, eta ez dira hilko».

26 Hala, Jaunak agindutakoa egin zuen Moisesek.

Apaizen eta lebitarren eginkizuna

27 Israeldarrek esan zioten Moisesi: «Hara, galduak gara, guztiok galduak! Hil egin behar dugu!

28 Jaunaren egoitzara hurbiltzen den oro hil egiten da. Beraz, guzti-guztiok hil behar dugu!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36