1 Hona, israeldarrek, Moises eta Aaronen gidaritzapean Egiptotik gudari-taldeka banaturik atera zirenean, egin zituzten bideko etapak.
2 Moisesek idatziz jaso zituen Jaunaren agindura egin zuten ibilaldiko abiapuntu eta helmugak. Hona hemen horien zerrenda:
3 Ramsestik abiatu ziren lehenengo hilaren hamabostean, Pazko biharamunean; israeldarrak libre irten ziren egiptoarren begi-bistan,
4 hauek Jaunak hilarazitako lehen-semeak ehorzten ari zirela —horrela eman zien Jaunak epaia egiptoarren jainkoei—.
5 Ramsestik abiaturik, Sukoten kanpatu ziren hurrengo;
6 Sukotetik abiatu eta, basamortu-ertzean, Etamen kanpatu ziren;
7 Etamdik abiaturik, Baal-Tzefon parean dagoen Pi-Hirotera itzuli ziren eta Migdol aurrean etxolatu;
8 Pi-Hirotetik abiaturik, itsasoa zeharkatu eta basamortura iritsi ziren eta, Etam basamortuan hiru eguneko bidea egin ondoren, Maran kanpatu;
9 Mara ere utzi eta, Elimera, hamabi iturburu eta hirurogeita hamar palmondo zituen oasira, iritsiz, bertan etxolatu ziren;
10 Elimdik Itsaso Gorri ondora joan ziren hurrengo;
11 Itsaso Gorritik, Sin basamortura;
12 Sin basamortutik, Dofkara,
13 eta Dofkatik Aluxera;
14 Aluxetik abiaturik, Refidimera iritsi ziren; baina ez zen han urik herriak edateko.
15 Refidimdik abiaturik, Sinai basamortura heldu ziren;
16 Sinai basamortutik Kibrot-Taabara;
17 Kibrot-Taabatik Hatzerotera;
18 Hatzerotetik Ritmara;
19 Ritmatik Rimon-Peretzera;
20 Rimon-Peretzetik Libnara;
21 Libnatik Risara;
22 Risatik Kehelatara;
23 Kehelatatik Xefer mendira;
24 Xefer menditik Haradara;
25 Haradatik Makhelotera;
26 Makhelotetik Tahatera;
27 Tahatetik Terahera;
28 Terahetik Mitkara;
29 Mitkatik Haxmonara;
30 Haxmonatik Moserotera;
31 Moserotetik Bene-Jaakanera;
32 Bene-Jaakanetik Hor-Gidgadera;
33 Hor-Gidgadetik Jotbatara;
34 Jotbatatik Abronara;
35 Abronatik Etzion-Geberrera,
36 eta Etzion-Geberretik Tzin basamortura, hau da, Kadexera;
37 Kadexetik abiaturik Edom lurraldeko mugan dagoen Hor mendian etxolatu ziren hurrengo.
38 Aaron apaiza Hor mendira igo zen Jaunaren aginduz eta bertan hil zen, israeldarrak Egiptotik irten eta berrogei urtera, bosgarren hilaren lehen egunean.
39 Ehun eta hogeita hiru urte zituen Aaronek Hor mendian hil zenean.
40 Orduan jakin zuen Kanaango Negeven bizi zen Aradeko kanaandar erregeak israeldarren etorreraren berri.
41 Israeldarrak, Hor menditik abiaturik, Tzalmonara iritsi ziren;
42 Tzalmonatik Punonera;
43 Punonetik Obotera;
44 Obotetik Moabeko mugaldean dagoen Iie-Abarimera;
45 Iie-Abarimdik Dibon-Gadera;
46 Dibon-Gadetik Almon-Diblataimera;
47 Almon-Diblataimdik Nebo parean dauden Abarim mendietara;
48 eta Abarim mendietatik abiaturik, Moabeko lautadara iritsi ziren eta han kanpatu, Jordan ondoan, Jeriko parean.
49 Moabeko lautadan, Jordan ondoan etxolatu ziren, Bet-Jeximotetik Abel-Xitim bitartean.
50 Jaunak esan zion Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean:
51 «Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean,
52 bota egingo dituzue hango biztanleak, beraien harrizko eta metal urtuzko idoloak desegin eta kultu-leku guztiak suntsitu.
53 Lurraldearen jabe egingo zarete eta bertan biziko, zeuei eman baitizuet haren jabe izan zaitezten.
54 Zozketaz banatuko duzue lurraldea leinu eta senitarteen artean: senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio, eta urria bada txikiagoa. Senitarte bakoitzak zozketan egokituriko ondarea jasoko du.
55 Alabaina, lurraldeko biztanleak botatzen ez badituzue, geldituko direnak begian arantza nahiz saihetsean eztenkada bezain mingarri izango dituzue: erasoka ariko zaizkizue biziko zareten lurraldean bertan.
56 Orduan, haiekin egin asmo nuena, zuekin egingo dut».