26 eta, Kadexera, Paran basamortura, iritsirik, Moises, Aaron eta israeldar elkarte osoarekin bildu ziren. Guztiaren berri eman eta lurralde hartako fruituak erakutsi zizkieten.
27 Txosten hau azaldu zioten Moisesi: «Bidali gintuzun lurraldera joan gara. Esnea eta eztia darizkion lurra da benetan: hona hemen hango fruituak!
28 Alabaina, hango jendea indartsua da, hango hiriak gotorrak eta izugarri handiak. Gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi ditugu.
29 Negeveko eskualdean amalektarrak bizi dira; mendialdean hitita, jebustar eta amortarrak; itsasaldean eta Jordan inguruan, berriz, kanaandarrak».
30 Kalebek, jendeak Moisesen aurka ziharduen zurrumurrua isilaraziz, esan zuen: «Ea, goazen! Igo eta jabe gaitezen lurralde hartaz, bagara horretarako gauza eta».
31 Baina harekin ikerketan joandakoek zioten: «Ez, ezin diegu eraso, gu baino indartsuagoak baitira».
32 Eta ikertutako lurraldea oso gaiztoa zela hasi ziren esaten israeldarren aurrean: «Ikertzen ibili garen lurraldeak bertako biztanleak irentsi egiten ditu, eta hango jende guztia ikaragarri handia da.