27 Txosten hau azaldu zioten Moisesi: «Bidali gintuzun lurraldera joan gara. Esnea eta eztia darizkion lurra da benetan: hona hemen hango fruituak!
28 Alabaina, hango jendea indartsua da, hango hiriak gotorrak eta izugarri handiak. Gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi ditugu.
29 Negeveko eskualdean amalektarrak bizi dira; mendialdean hitita, jebustar eta amortarrak; itsasaldean eta Jordan inguruan, berriz, kanaandarrak».
30 Kalebek, jendeak Moisesen aurka ziharduen zurrumurrua isilaraziz, esan zuen: «Ea, goazen! Igo eta jabe gaitezen lurralde hartaz, bagara horretarako gauza eta».
31 Baina harekin ikerketan joandakoek zioten: «Ez, ezin diegu eraso, gu baino indartsuagoak baitira».
32 Eta ikertutako lurraldea oso gaiztoa zela hasi ziren esaten israeldarren aurrean: «Ikertzen ibili garen lurraldeak bertako biztanleak irentsi egiten ditu, eta hango jende guztia ikaragarri handia da.
33 Erraldoiak, Anaken ondorengoak, ere ikusi ditugu. Haien aldean matxinsaltoak ematen genuen eta halaxe hartu gintuzten beraiek ere gu».