2 Zeure aitaren leinuko senide lebitarrei ere utziko diezu santutegira hurbiltzen eta ondoan izango dituzu laguntzaile, zuk eta zure semeek itun-etxolaren aurrean jardungo duzuenean.
3 Zure eta itun-etxolaren zerbitzura egongo dira; baina ez dira gauza sakratuetara, ez aldarera, hurbilduko, haiek eta zuek hil ez zaitezten.
4 Elkarketa-etxolako zerbitzuan eta hango zereginetan egingo dizute lagun; ez zaizue lebitar ez den inor elkartuko.
5 Zuek beteko duzue santutegiko eta aldareko zerbitzu sakratua; honela, ez da nire haserrea israeldarren aurka piztuko.
6 Nik bereizi ditut zure senide lebitarrak israeldarren artetik, eta niri, Jaun honi, oso-osorik emanak daude, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko.
7 Baina zuk eta zure semeek bakarrik beteko dituzue aldarean nahiz errezelaz barrualdera bete beharreko apaiz-jarduerak. Eginkizun hori zuei dagokizue, zuei eman baitizuet apaiz-kargua. Apaiz ez den norbaitek apaizgintzan badihardu, heriotzara emango dute».
8 Jaunak esan zion Aaroni: «Zure esku uzten ditut israeldarrek zor dizkidaten eskaintza sakratu guztiak: zuri eta zure ondorengoei dagokizuen zati dira. Betiko lege izango duzue hau.