10 Gero, Moisesek eta Aaronek elkartea bildu zuten harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan zien: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sorrarazteko gauza ote gara?»
11 Hori esanik, besoa jaso eta bi aldiz jo zuen makilaz harkaitza. Ur-mordoa atera zen, eta jendeak eta abereek edan zuten.
12 Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».
13 Gertakari hau dela eta, iturri hark «Meribako Urak» du izen, —hau da, «Auzi Urak»—, han eman baitzioten aurpegi israeldarrek Jaunari, eta honek bere santutasuna agertu zuen.
14 Kadextik mezulariak bidali zizkion Moisesek Edomgo erregeari mezu honekin: «Hau diotsute zeure anaia israeldarrek: Ongi dakizu zer-nolako nekeak jasan behar izan ditugun.
15 Gure arbasoak Egiptora jaitsi ziren eta gure herria luzaro bizi izan zen bertan; baina gero, egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, bai geuri, bai arbasoei.
16 Orduan, oihu egin genion Jaunari laguntza eske eta hark entzun egin zituen gure garrasiak: aingerua bidali eta atera egin gintuen Egiptotik. Orain hemen gara, Kadexen, zure lurraldearen mugako hirian.