15 Gure arbasoak Egiptora jaitsi ziren eta gure herria luzaro bizi izan zen bertan; baina gero, egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, bai geuri, bai arbasoei.
16 Orduan, oihu egin genion Jaunari laguntza eske eta hark entzun egin zituen gure garrasiak: aingerua bidali eta atera egin gintuen Egiptotik. Orain hemen gara, Kadexen, zure lurraldearen mugako hirian.
17 Utz iezaguzu zeure lurraldetik igarotzen. Ez gara igaroko ez soroetatik, ez mahastietatik, eta ez dugu edango zure putzuetako urik. Errepidetik joango gara, apurtxo bat ere saihestu gabe, zure lurraldea zeharkatu arte».
18 Baina Edomgo erregeak erantzun zien:—Ez duzue nire lurraldea zapalduko; bestela, bidera aterako natzaizue borrokara.
19 Israeldarrek esan zioten:—Bide nagusitik joango gara. Baldin guk eta abereek zure putzuetako urik edango bagenu, ordaindu egingo genizuke. Zure lurraldetik oinez igarotzen uzteko besterik ez dizugu eskatzen.
20 Edomgo erregeak, berriz:—Ez zarete igaroko!Eta bidera atera zitzaien gudaroste handi eta biziki indartsuarekin.
21 Honela, galarazi egin zion Edom herriak Israeli bere lurraldetik igarotzea, eta israeldarrak urrundu egin ziren, zeharbidea hartuz.