7 eta esan zion Jaunak Moisesi:
8 «Hartu makila eta, zeure anaia Aaron lagun duzula, bildu israeldarren elkartea; gero, guztien aurrean, agindu harkaitzari, eta honek ura emango du. Harkaitzetik ura sorraraziko duzu, eta elkarteari eta abereei emango diezu edaten».
9 Jaunak agindu bezala, hartu zuen Moisesek elkarketa-etxolan, Jaunaren aurrean, zegoen makila.
10 Gero, Moisesek eta Aaronek elkartea bildu zuten harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan zien: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sorrarazteko gauza ote gara?»
11 Hori esanik, besoa jaso eta bi aldiz jo zuen makilaz harkaitza. Ur-mordoa atera zen, eta jendeak eta abereek edan zuten.
12 Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».
13 Gertakari hau dela eta, iturri hark «Meribako Urak» du izen, —hau da, «Auzi Urak»—, han eman baitzioten aurpegi israeldarrek Jaunari, eta honek bere santutasuna agertu zuen.