1 Moises, Jaunaren zerbitzaria, hil zenean, Jaunak esan zion Moisesen laguntzaile zen Josueri, Nunen semeari:
2 «Hil da Moises, ene zerbitzaria. Orain, abia zaitez, igaro Jordan ibaia Israel herri osoarekin, ematen diodan lurralderantz joateko.
3 Zuen oinek zapalduko duten lurralde guztia emango dizuet, Moisesi hitzeman bezala.
4 Zuen lurraldea hegoaldeko basamortutik iparraldean dagoen Libanoraino eta ekialdeko ibai handitik, Eufratesetik, hititen lurraldean zehar, mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.
5 «Ezin izango dizu inork ere aurre egin bizi zaren artean, zurekin izango bainaiz, Moisesekin izan nintzen bezala; ez dizut huts egingo, ez zaitut utziko.
6 Izan bihotz eta adore, zuk eskuratuko baitiozu herriari, zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldea.