7 Izan, bada, bihotz, izan adore handia! Saia zaitez Moisesi, ene zerbitzariari, eman nion legea betetzen, hartatik ezertan ere saihestu gabe; horrela, ongi burutuko dituzu egintza guztiak.
8 Ez utzi lege-liburua irakurtzeari, hausnar ezazu gau eta egun, eta saiatu bertan idatzia betetzen; horrela, ongi aterako zaizkizu ekinbide guztiak.
9 «Kementsu eta adoretsu izateko esan dizut. Ez ikaratu, ez kikildu, ni, Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango bainaiz zure ibilera guztietan».
10 Orduan, agindu hau eman zien Josuek herriko funtzionarioei:
11 «Joan kanpalekuan barna eta esan herriari: “Prestatu biderakoak, zeren eta hiru egunen buruan Jordan ibaia igaroko baituzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, jabetzan ematen dizuen herrialdeaz jabetzera joateko”».
12 Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei esan zien Josuek:
13 —Gogora ezazue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuena: «Jaunak, zeuen Jainkoak, atseden harrarazi dizue lurralde hau zuei emanez.