1 Aldi hartan, Adoni-Tzedek zeritzan Jerusalemgo erregeak jakin zuen Josuek Ai hiria hartu eta erabat suntsitu zuela, Ai hiriari eta bertako erregeari, lehen Jerikori eta bertako erregeari egindakoa bera eginez. Jakin zuen, orobat, Gabaongo bizilagunek bake-hitzarmena egin zutela israeldarrekin eta beraiekin elkartu zirela.
2 Hori jakitean, biziki beldurtu zen, hiri handia baitzen Gabaon, errege-hiriburuetako bat bezainbatekoa, Ai baino handiagoa, eta hango gizonak gudari adoretsu baitziren.
3 Adoni-Tzedekek mandatariak bidali zituen Hebrongo errege Hoham, Jarmuteko errege Piram, Lakixeko errege Jafia eta Eglongo errege Debir-engana, esatera:
4 «Zatozkidate laguntzera. Eraso egin behar diogu Gabaon hiriari, Josuerekin eta israeldarrekin bake-hitzarmena egin du eta».
5 Bost errege amortarrok —Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongo erregeek— elkarturik, beren gudarosteekin joan, Gabaon inguratu eta eraso egin zioten.
6 Orduan, Gabaongoek mandatariak bidali zizkioten Josueri Gilgaleko kanpalekura, eskari honekin: «Ez gaitzazu utz laguntzarik gabe zeure zerbitzariok. Zatozkigu bizkor salbatzera, lagun iezaguzu, mendialdean bizi diren errege amortar guztiak gure kontra elkartu baitira».
7 Josue, gudaroste osoa, bere gudari adoretsuak, harturik, abiatu egin zen Gilgaldik.