2 Hori jakitean, biziki beldurtu zen, hiri handia baitzen Gabaon, errege-hiriburuetako bat bezainbatekoa, Ai baino handiagoa, eta hango gizonak gudari adoretsu baitziren.
3 Adoni-Tzedekek mandatariak bidali zituen Hebrongo errege Hoham, Jarmuteko errege Piram, Lakixeko errege Jafia eta Eglongo errege Debir-engana, esatera:
4 «Zatozkidate laguntzera. Eraso egin behar diogu Gabaon hiriari, Josuerekin eta israeldarrekin bake-hitzarmena egin du eta».
5 Bost errege amortarrok —Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongo erregeek— elkarturik, beren gudarosteekin joan, Gabaon inguratu eta eraso egin zioten.
6 Orduan, Gabaongoek mandatariak bidali zizkioten Josueri Gilgaleko kanpalekura, eskari honekin: «Ez gaitzazu utz laguntzarik gabe zeure zerbitzariok. Zatozkigu bizkor salbatzera, lagun iezaguzu, mendialdean bizi diren errege amortar guztiak gure kontra elkartu baitira».
7 Josue, gudaroste osoa, bere gudari adoretsuak, harturik, abiatu egin zen Gilgaldik.
8 Jaunak esan zion: «Ez izan horien beldur, zure menpe utzi baititut. Horietako batek ere ezin izango dizu aurre egin».