5 Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.
6 Behinola, Judaren leinuko batzuk Josuerengana etorri ziren, Gilgalera, eta haietariko batek, Jefuneren seme Kaleb keniztarrak, esan zion: «Badakizu zer esan zion Jaunak Moisesi, Jainkoaren gizonari, zuri eta niri buruz Kadex-Barnean.
7 Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri.
8 Nirekin etorri zirenek adoregabetu egin zuten herria; ni, ordea, Jaunarekiko, ene Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen.
9 «Moisesek zin egin zidan orduan, ikertzen ibili nintzen lurraldea nirea eta nire ondorengoena izango zela betiko ondare, Jaunarekiko, beraren Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzelako.
10 Eta begira, bada berrogeita bost urte Jaunak Moisesi hura esan ziola, Israel herria basamortuan barrena zebilela. Jaunak orain arte biziarazi nau, berak hitzeman bezala, eta baditut laurogeita bost urte.
11 Hala ere, Moisesek ikerketa egitera bidali ninduenean bezain indartsu nago oraindik ere; orduan adina kemen dut borrokatzeko eta edozein eginbeharretarako.