1 Judaren leinuko senitarteei egokitu zitzaien lurralde-zatia, Edomgo muga aldera, Tzin basamortuaren hego-ertzeraino hedatzen zen hegoaldetik.
2 Muga Itsaso Hilaren hego-ertzean hasten zen,
3 eta, Akrabim maldaren hegoaldetik jarraituz eta Tzin basamortua igaroz, Kadex-Barnearen hegoaldetik igotzen zen. Gero, Hetzrondik igaroz, Adar aldera igo eta Karkaa inguratzen zuen.
4 Handik, Atzmondik igaroz, Egiptoko errekara heltzen zen eta Mediterraneo itsasoan amaitzen. Hau zen Judaren leinuaren hegoaldeko muga.
5 Ekialdeko muga Itsaso Hila zen, Jordan ibaia itsasoratzen den tokiraino. Hango itsas adarrean hasten zen iparraldeko muga;
6 Bet-Hogla aldetik igotzen zen eta, Bet-Arabaren iparraldetik igaroz, Rubenen seme Bohan-en Harkaitzeraino zihoan.
7 Muga, gero, Akor ibarrean zehar, Debir-era heltzen zen eta handik iparraldera jotzen zuen, Adumimerako aldapa parean dagoen Gilgalera, errekaren hegoaldean. Gero, En-Xemex errekastotik igaroz, En-Rogel iturburura heltzen zen.