15 Josuek erantzun zien:—Hain herri ugaria bazarete eta Efraimgo mendialdea estuegia iruditzen bazaizue, igo zaitezte oihanera eta soildu periztarren eta refatarren lurraldea.
16 Haiek ihardetsi zioten:—Mendialdea ez dugu aski; gainera, lautadako kanaandarrek burdinazko guda-gurdiak dituzte, baita Bet-Xan eta inguruko herrixketakoek eta Izreel lautadakoek ere.
17 Orduan, esan zien Josuek Efraim eta Manasesen leinuetakoei, Joseren ondorengoei:—Herri ugaria eta oso indartsua zarete, bai. Ez duzue lurralde-zati bakarra izango,
18 mendialdea zuena izango baita. Nahiz eta baso hutsa den, soildu egingo duzue eta zuena izango da alde batetik bestera. Gainera, kanaandarrak ere botako dituzue, nahiz eta burdinazko guda-gurdiak dituzten eta indartsuak diren.