1 Lebitarren senitarteburuak Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta israeldar leinuetako senitarteburuengana joan ziren
2 Xilora, Kanaan lurraldean, eta esan zieten: «Geu bizitzeko hiriak eta abereentzako larre-tokiak emateko agindu zuen Jaunak Moisesen bidez».
3 Orduan, israeldarrek, Jaunak agindu bezala, beren ondaretik hiriak, beren herri-lur eta guzti, eman zizkieten lebitarrei.
4 Zotz egin eta Kehaten senitarteei egokitu zitzaien lehenengo. Aaron apaizaren ondorengo lebitarrei Juda, Simeon eta Benjaminen leinuen hamahiru hiri atera zitzaizkien;
5 Kehaten ondorengoen gainerako senitarteei, berriz, Efraim eta Danen leinuen eta Manasesen leinu erdiaren hamar hiri;
6 Gerxonen ondorengoen senitarteei Isakar, Axer eta Neftaliren leinuen eta Baxango Manasesen beste leinu erdiaren hamahiru hiri,
7 eta Merariren ondorengoen senitarteei Ruben, Gad eta Zabulonen leinuen hamabi hiri.