Josue 22:24-30 EAB

24 Ez, ez dugu horretarako egin, kezkaturik gaudelako baizik, zuen ondorengoek gureei egunen batean hau esango ote dieten: “Ba al duzue zerikusirik Jaunarekin, Israelen Jainkoarekin?

25 Zuen —Ruben eta Gaden ondorengoen— eta gure artean Jordan ibaia ipini zuen Jaunak mugatzat. Zuek ez duzue, beraz, zerikusirik Jaunarekin!” Horrela, zuen seme-alabek eragotzi egingo liekete gureei Jaunari gurtza ematea.

26 Horregatik bururatu zaigu aldarea eraikitzea; ez, ordea, erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko,

27 gure eta zuen artean eta gure ondorengo belaunaldien artean ezaugarri izateko baizik; hau da, beraren tenpluan geure erre-opari eta elkartasun-opariak eskainiz Jaunari kultu eman nahi diogula adierazteko ezaugarri. Horrela, zuen seme-alabek ezin esango diete gureei Jaunarekin zerikusirik ez dutela.

28 Bihar edo etzi, guri nahiz gure ondorengoei horrelakorik esango baligute, guk erantzun ahal izango genuke: “Begira gure gurasoek Jaunari eraiki zioten aldarearen egiturari; ez da erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko, gure eta zuen artean ezaugarri izateko baizik”.

29 Ez dugu inola ere Jaunaren kontra errebelatu nahi izan, ez Jaunarengandik aldendu, ezta Jaunaren, gure Jainkoaren, egoitza aurrean dagoen aldareaz gainera, erre-opariak, labore-opariak eta gainerako sakrifizioak eskaintzeko beste bat eraiki ere».

30 Pinhas apaizak eta elkartearen ordezkariek —israeldar leinuetako hamar senitarteburuek— ontzat eman zuten Ruben, Gad eta Manasesen leinuetako gizonek emandako argibidea.