3 Urte luze hauetan ez dituzue zeuen herritarrak bakarrik utzi, Jaunaren, zeuen Jainkoaren, agindua arretaz betez.
4 Orain, Jaunak, zuen Jainkoak, berak hitzeman bezala, zuen herritarrei atsedena eman dielarik, joan zaitezkete zeuen etxera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Jordanen ekialdean jabetzan eman zizuen herrialdera.
5 Baina saia zaitezte Moisesek —Jaunaren, zeuen Jainkoaren, zerbitzariak— emandako aginduak eta legea sutsu betetzen: maita ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, ibili berak erakutsitako bidean, bete aginduak, bizi berari atxikiak eta zerbitza ezazue bihotz-bihotzez eta gogo osoz».
6 Josuek bedeinkatu eta bidali egin zituen, eta haiek beren etxera itzuli ziren.
7 Manasesen leinu erdi bati Moisesek lurraldea emana zion Baxanen; beste leinu erdiari, berriz, Jordanen mendebaldean eman zion Josuek lurraldea, gainerako israeldarren artean. Jordanen ekialdean bizi ziren Manasesen leinu erdikoei, etxera bidaltzeko bedeinkatu zituenean,
8 esan zien Josuek: «Aberastasun handiak harturik zoazte etxera: abere-talde ugari, zilarra eta urrea, brontzea, burdina eta janzki asko. Bana itzazue senideen artean etsaiei kendutako harrapakinok».
9 Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak, gainerako israeldarrak Xilon, Kanaan lurraldean, utzirik, Galaaderantz, Jaunaren aginduz Moisesek jabetzan eman zien lurralderantz, abiatu ziren.