Josue
Kapituluak 5:1-7
Elizen Arteko Biblia
1Jordanez beste aldera, mendebaldean, bizi ziren amortarren eta kostaldeko kanaandarren erregeek entzun zuten lehortu egin zituela Jaunak Jordango urak israeldarrak igarotzeko, eta adoregabeturik, arnasa ere galduta, gelditu ziren israeldarren aurrean.
2Aldi hartan, Jaunak esan zion Josueri: «Egin suharrizko aiztoak, israeldarrak bigarren aldiz erdaintzeko».
3Egin zituen, bada, Josuek suharrizko aiztoak eta Aralot izeneko mendixkan erdaindu zituen israeldar gizasemeak.
4Hona zergatik eragin zien Josuek erdainkuntza: Egiptotik irtendako gizasemeak, gerra-gizon guztiak, bidean, basamortuan, hilak zirelako eta,
5Egiptotik irtendako herri osoa erdaindua zegoen arren, bidean, basamortuan, jaioak erdaindu gabe zeudelako.
6Izan ere, israeldarrak berrogei urtez ibili ziren basamortuan zehar, Egiptotik irtendako gerra-gizonen belaunaldi osoa desagertu zen arte. Hauek ez zuten aditu Jaunaren esana, eta Jaunak zin egin zien ez ziela ikusten utziko arbasoei zin eginez agindutako lurraldea, esnea eta eztia darizkion lurraldea.
7Haien ordez, beste belaunaldi bat sorrarazi zuen Jainkoak, eta hauek erdaindu zituen Josuek, bidean ez baitzuten erdainkuntza-ohikunea inoiz ere egin.