18 Baina kontu! Erabat suntsitu behar da guztia. Zeuentzat zerbait hartuko bazenute, suntsipena eta ezbeharra ekarriko zenituzkete israeldarron kanpalekura.
19 Urre-zilar guztia eta brontzezko eta burdinazko ontzi guztiak Jaunarentzat dira eta beronen altxortegira sartuko ditugu».
20 Jo zituzten apaizek adarrak. Adar-hotsa entzutean, herriak izugarrizko irrintzia egin zuen, eta harresiak behea jo zuen. Orduan, gudariek eraso egin zioten hiriari, nork bere aurrean zuen tartetik, eta hartu.
21 Hirian ziren guztiak hil zituzten ezpataz, gizon eta emakume, gazte eta zahar, idi, ardi eta asto.
22 Lurraldea ikertu zuten bi gizonei esan zien Josuek: «Zoazte emagalduaren etxera eta atera bera eta beraren ahaideak, zin egin zenioten bezala».
23 Joan ziren ikertzen ibilitako bi gazteak, eta Rahab, beronen aita-amak, neba-ahizpak eta ahaide guztiak etxetik atera eta israeldarren kanpalekutik kanpora utzi zituzten.
24 Jeriko hiriari eta bertako guztiari su eman zioten; zilar-urreak eta brontzezko eta burdinazko ontziak, berriz, Jaunaren etxeko altxortegira eraman zituzten.