5 Adar-hots luzea entzun bezain laster, herri osoak irrintzi handia egingo du eta hiriko harresia behera etorriko da. Orduan, eraso diezaiola jende guztiak, nork bere aurrean izango duen tartetik»
6 Nunen seme Josuek apaizei dei egin eta esan zien: «Hartzazue itun-kutxa eta zuetariko zazpik eraman dezatela adar bana Jaunaren kutxa aurretik».
7 Gero, herri osoari esan zion: «Zoazte eta inguratu hiria; gizon armatuak doazela Jaunaren kutxa aurretik».
8 Josuek agindua egin zuen jendeak: zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren aurrean jarri eta jotzen hasi ziren. Ondoren, Jaunaren itun-kutxa zetorren.
9 Adarrak jotzen zituzten apaizen aurrean gizon armatuak jarri ziren eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.
10 Josuek agindu hau emana zion herriari: «Ez egin irrintzirik, ez dadila hizketa-hotsik entzun; ez egin hitzik ere, nik irrintzi egiteko esan arte. Orduan egingo duzue».
11 Kutxak itzuli bat egin zuen hiriaren inguruan eta, ondoren, kanpalekura itzuli ziren gaua igarotzeko.