8 Josuek agindua egin zuen jendeak: zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren aurrean jarri eta jotzen hasi ziren. Ondoren, Jaunaren itun-kutxa zetorren.
9 Adarrak jotzen zituzten apaizen aurrean gizon armatuak jarri ziren eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.
10 Josuek agindu hau emana zion herriari: «Ez egin irrintzirik, ez dadila hizketa-hotsik entzun; ez egin hitzik ere, nik irrintzi egiteko esan arte. Orduan egingo duzue».
11 Kutxak itzuli bat egin zuen hiriaren inguruan eta, ondoren, kanpalekura itzuli ziren gaua igarotzeko.
12 Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Josue. Apaizek kutxa hartu zuten,
13 eta zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren kutxa aurrean zihoazen adarrak joz. Denen aurrean gizon armatuak zihoazen eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.
14 Bigarren egunean ere, hiriaren inguruan itzuli bat egin eta kanpalekura joan ziren. Halaxe egin zuten sei egunez.