12 Ezin izango diete israeldarrek aurre egin beren etsaiei; ihes egin beharko dute arerioengandik, beraiek merezi izan baitute erabat suntsituak izatea. Erabat suntsitu behar zenutena zeuen artetik desagerrarazten ez baduzue, ez nauzue aurrerantzean zeuekin izango.
13 Jaiki zaitez eta agindu herriari garbikuntza egiteko. Esaiozu: «Egin garbikuntza biharko. Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Erabat suntsitu behar zenuten zerbait duzue zeuen artean, israeldarrok; hori desagerrarazi arte, ezin izango diezue aurre egin etsaiei.
14 Bihar goizean leinuka aurkeztuko zarete; nik, Jaun honek, zotz eginez izendatuko dudan leinukoak senitarteka aurkeztuko dira, izendatuko dudan senitartekoak etxeka, eta izendatuko dudan etxekoak banaka.
15 Erabat suntsitu behar zenetik zerbait gorde izateagatik izendatuko dudan gizona erre egingo duzue beraren gauza guztiekin, Jaunarekiko konpromisoa hautsi baitu eta itsuskeria egin Israelen».
16 Biharamun goizean goiz jaiki eta israeldar guztiak leinuka aurkezteko agindu zuen Josuek. Judaren leinua gertatu zen izendatua.
17 Judaren leinuko senitarteak aurkeztarazi eta Zerahen senitartea gertatu zen izendatua. Zerahen senitarteko etxeak aurkeztarazi eta Zabdiren etxea gertatu zen izendatua.
18 Zabdiren etxekoak aurkeztarazi eta Akan gertatu zen izendatua. Akan Karmiren semea zen, Zabdiren eta Zerahen ondorengoa, Judaren leinukoa.