5 Hogeita hamaseiren bat israeldar hil zituzten Aikoek eta hiriko ateetatik harrobietaraino pertsegitu zituzten, maldan behera denak porrokatuz. Israeldarrak adoregabeturik gelditu ziren; hauen kemena urtu eta ura bezala isuri zen.
6 Josuek eta israeldar arduradunek jantziak urratu zituzten, buru gainera hautsa bota eta ahuspezturik egon ziren Jaunaren kutxa aurrean arratsa arte.
7 Josuek otoitz egin zuen, esanez:—Ai ene, Jainko Jauna! Zergatik igaroarazi diozu herri honi Jordan ibaia, gero amortarren esku utzi eta hondatzekotan? Hobe Jordanez beste aldera gelditu izan bagina bizitzen!
8 Otoi, Jauna! Zer esan behar dut, Israelek bere etsaien aurrean atzera egin behar izan duen honetan?
9 Jakingo dute hori kanaandarrek eta lurralde honetako beste bizilagunek, altxatuko dira gure kontra eta gure oroitzapena ere desagerrarazi egingo dute lurrazaletik. Zer eginen duzu, orduan, zeure izen handiaren alde?
10 Jaunak erantzun zion Josueri:—Ea, jaiki! Zertan zaude hor ahuspezturik?
11 Bekatu egin dute israeldarrek, nik ezarri diedan konpromisoa hautsiz. Suntsitu behar zutenetik hartu dute, lapurtu eta beren gauzen artean gorde.