14 Biharamunean, hartaz guztiaz ohartu zenean, Aiko erregea bizkor jaiki eta bere gudaroste osoarekin atera zen toki jakin batera, basamortuaren aurrez aurre, israeldarrei erasotzera, hiriaren atzealdean zenbait gudari israeldar zelatan zeudela konturatu gabe.
15 Galdu itxurak eginez, Josuek eta israeldarrek ihes egin zuten basamorturantz.
16 Hiriko gizonak oihuka atera ziren israeldarren ondoren eta Josueri segika hiritik urrutiratu egin ziren.
17 Ain (eta Betelen) ez zen gizon bat ere gelditu israeldarren ondoren joan gabe, eta hiria babesik gabe utzi zuten.
18 Orduan, Jaunak esan zion Josueri: «Zuzen ezazu Ai aldera eskuan duzun azkona, eskura ematen baitizut hiria». Eta Josuek Ai aldera zuzendu zuen eskuan zuen azkona.
19 Josuek besoa luzatu bezain laster, zelatan zeudenek, beren gordelekuetatik bizkor atera, lasterka hirian sartu, beraren jabe egin eta su eman zioten berehala.
20 Begiratu zuten atzera Aiko gizonek eta ke-mordo handia ikusi zuten hiritik zerurantz igotzen. Ez zitzaien ihesbiderik gelditzen inongo aldetik, basamorturantz ihesi zihoazen israeldarrak itzuli egin baitziren beren pertsegitzaileen kontra.