18 Hala ere, israeldarrek ez zituzten hil, elkarte-arduradunek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, bizia errespetatzeko zina egina baitzieten. Orduan, elkarte osoa marmarrean hasi zen arduradunen kontra.
19 Hauek esan zioten elkarteari: «Zin egin genien Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, eta ezin diegu orain kalterik egin.
20 Horra zer egingo dugun: Egin diegun zinarengatik, bizirik utziko ditugu, Jainkoak zigor ez gaitzan.
21 Bizi daitezela! Baina egurgile eta ur-ekarle izango dira elkarte osoarentzat». Horrela, eutsi egin zioten arduradunek gabaondarrei emandako hitzari.
22 Josuek gabaondarrei dei egin eta esan zien:—Zergatik engainatu gaituzue urruti bizi zinetela esanez, hemen, gure artean, bizi zaretelarik?
23 Madarikatuak izan zaiteztela! Esklabo izango zarete betiko: ene Jainkoaren etxerako egurra egin eta ura ekarri beharko duzue.
24 Haiek ihardetsi zioten Josueri:—Ongi genekien Jaunak, zure Jainkoak, bere zerbitzari Moisesi agindu ziona: lurralde hau osorik zuei emateko eta zuek, hona heltzean, hemengo bizilagun guztiak suntsitzeko. Erabat izutuak geunden, hilko gintuzuen beldurrez, eta horregatik jokatu dugu horrela.