Job 20 EABD

1 Orduan, Naamako Tzofarrek hitz egin zuen:

Gaiztoek Jainkoaren zigorrari ezin ihes egin

2 «Urduri eta asaldaturik utzi nauzu,eta ezin egon erantzun gabe.

3 Iraindu nauen irakaspena entzun dut,baina hona zer erantzun behar dizudan.

4 «Ez al dakizu, betidanik,gizakia lurrean jarria izan denetik,

5 gaiztoen arrakasta laburra dela,sinesgabearen alaitasuna unetxo batekoa bakarrik?

6 Nahiz eta zeruraino hazi eta bere buruaz hodeiak ukitu,

7 zaborra bezala desagertuko da betiko;ikusten zutenek esango dute: Non da?

8 Ametsa bezala ezereztuko da, inork ez aurkitzeko eran,gau-ikuskaria bezala desagertuko.

9 Ikusten zutenek ez dute gehiago ikusiko,zegoen tokia hutsik geldituko da.

10 Haren seme-alabak behartsu bihurtuko dira,ondasunak itzuli beharrean gertatu baitzen bera.

11 Beregan duen gaztetasun betealurpera joango da laster berarekin.

12 Nahiz eta gaizkia gustuko janaria izan,—mihipean gorde,

13 jaregin gabe ahogozatueta ahoko sabaipean edukitzen zuena—,

14 usteldu egingo zaio erraietan,sugegorriaren pozoi bihurtuko.

15 Irentsitako ondasunak oka egingo ditu,Jainkoak botarazi egingo dizkio sabeletik.

16 Sugegorriaren pozoia zen xurgatzen zuena,biperaren miztoak bezala hilko du.

17 Ez ditu gehiago ikusiko olioa, eztia eta esnea,errekako ura bezain ugari.

18 Irabazitakoa erabili gabe itzuli beharko du,salmentatik ateratakoa ez du gozatuko.

19 Behartsuak zanpatu eta baztertu zituenez,berak eraiki gabeko etxeez jabetu

20 eta bere gutizia aseezina izan zuenez,ondasun guztiak galduko ditu.

21 Inork ez baitzion haren irentsi beharrari ihes egiten,ez du haren ongizateak iraungo.

22 Oparotasun betean, gabeziak harrapatuko du,atsekabetu guztiak gainera jausiko zaizkio.

23 Sabela bete diezaion,bere sumina bidaliko dio Jainkoak,elikagai bezala igorriko dio gainera.

24 Burdinazko armari ihesi doala,brontzezko geziak harrapatuko du.

25 Geziak gorputza zeharkatuko dio,muturra gibeletik ateraz;herioaren izu-ikara gaineratuko zaio.

26 Ilunpe osoa dauka zain,inork suspertu gabeko suak irentsiko du,etxeko hondarrak ere deuseztatuz.

27 Zeruek azalduko dute beraren errua,lurra ere kontra altxatuko zaio.

28 Ura isurian bezala joango zaizkio etxeko aberastasunak,Jainkoaren zigor-egunean.

29 Horra Jainkoak gaiztoarentzat daukan patua,berarentzat erabakia duen ondarea».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42