Job 42 EABD

Joben bigarren erantzuna (42,1-6)

1 Orduan, Jobek erantzun zion Jaunari:

Job esandakoaz damutu

2 «Badakit dena dezakezula zuk,ez dagoela ezinezko egitamurik zuretzat.

3 Zeuk esana da:“Nor da nire egitasmoa isilarazi nahi duena,ezer jakin gabe?”Bai, jakin gabe hitz egin dutulertezin ditudan misterioei buruz.

4 Esan nuen: “Entzun, hitz egingo dizut eta;nik galdetu egingo dizut eta zuk irakatsi”.

5 Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan;orain, neure begiz ikusi zaitut!

6 Beraz, damutzen naiz esandakoaz,hauts eta errautsetan eseria».

EPILOGOA (42,7-17)

Lagunak gaitzetsiak

7 Jobi hitz egin ondoren, Temango Elifazi esan zion Jaunak: «Sumindua nago zure eta zure bi lagunen aurka, ez baituzue nitaz zuzen hitz egin, nire zerbitzari Jobek egin duen bezala.

8 Beraz, hartu orain zazpi zekor eta zazpi ahari, joan Jobengana eta eskaini erre-oparia zeuen alde. Nire zerbitzari Jobek zuen alde erregutuko du. Nik haren erregua onartu egingo dut, eta ez zaituztet zeuen zentzugabekeriaren arabera zigortuko, nitaz zuzen hitz egin ez duzuen arren, nire zerbitzari Jobek egin duen bezala».

9 Jaunak esana egitera joan ziren Temango Elifaz, Xuaheko Bildad eta Naamako Tzofar, eta Jaunak Joben erregua onartu egin zuen.

Job lehengoratua

10 Jobek bere lagunen alde erregu egin ondoren, Jaunak egoera aldatu egin zion eta lehengo ondasunak bikoiztu.

11 Anai-arrebak eta lehengo ezagunak etorri zitzaizkion ikustera, berarekin otordua egin zuten etxean eta Jaunak bidalitako atsekabe guztiarengatik dolua agertu zioten eta kontsolatu. Bakoitzak dirua eta urrezko eraztun bana eman zizkioten.

12 Aurrekoetan baino ere oparoago bedeinkatu zuen Jaunak Job bere ondorengo urteetan: hamalau mila ardi, sei mila gamelu, mila idi-pare eta mila asteme izan zituen.

13 Zazpi seme eta hiru alaba ere izan zituen.

14 Hauetako lehenari Usoa jarri zion izena, bigarrenari Kanela Lorea eta hirugarrenari Lurrinontzi.

15 Ez zegoen herrialde osoan Joben alabak baino emakume ederragorik; eta nebak bezalaxe, oinordeko egin zituen Jobek.

16 Geroztik, ehun eta berrogei urtez bizi izan zen Job, eta bere seme-alabak eta seme-alaben seme-alabak laugarren belaunaldia arte ikusi ahal izan zituen.

17 Zaharturik eta urtetsu hil zen Job.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42